Azken egunak zenbatzen
Apirilaren 2rako astebete geratzen dela, erabakitzeko eskubidea jai giroan herriratuko du Gure Esku Dago-k zapatuan, eskualdeko herrietanBederatzi egun barru erabakiko du Busturialdeak. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera edukiko dute herritarrek ...
Apirilaren 2rako astebete geratzen dela, erabakitzeko eskubidea jai giroan herriratuko du Gure Esku Dago-k zapatuan, eskualdeko herrietan
Bederatzi egun barru erabakiko du Busturialdeak. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera edukiko dute herritarrek hurrengo astean apirilaren 2an, eta Busturialdeko bizilagunei botoa ematera joateko eskatu die herri mugimenduak.Galdeketa egunerako deia egin asmoz, prentsaurrekoa emango dute bihar Gernika-Lumon, 13:00etan, Merkurion. Hain zuzen, botoa ematearen garrantziaz kontzientziatu gura dituzte herritarrak, eta apirilaren 2ko galdeketan parte hartzeak duen garrantzia azalduko dute. Iluntzerako, berriz, pintxopotea eta kontzertuak antolatu dituzte.
19:00etatik 21:00etara, Juan Calzada kaletik egingo dute pintxopotea, Tuka-tukada batukadaren erritmora. Kontzertuak Astran izango dira. Sueder, Dientes de Luna, Sarkor eta The Uski’s taldeak igoko dira oholtza gainera, 21:00etatik aurrera. Kontzertuak amaituta, Dj Tpr izango da girotzearen arduraduna. Sarrera 4 euro ordaindu beharko da.
Gernika-Lumon bakarrik ez, Arratzun ere jaialdia antolatu dute biharko. Eguerdi partean, Gure Esku Dago kantaren interpretazioagaz hasiko dute festa eguna, 13:30ak aldera. Ostean, herri kirolentzako tartea izango da. Bazkaldu ere elkarregaz egingo dute, kantu bazkarian. Jon Naberanek alaituta, 15:00etan bilduko dira arratzuarrak mahaiaren bueltan (umeak 14:30ean).
Bazkalostean dantza egiteko aukera izango dute, Obieta eta Esteibarren musikagaz.
Boto aurreratua
Bermeon ekitaldia deitu dute biharko. Herritarrak Lameran bildu gura dituzte, 13:00etan (euria balego, Taraskako arkupeetan).
Muruetan herri jaia egingo dute etzi. Eguerdian, ume eta gazteek herri kirolak praktikatu ahalko dituzte, eta nagusiak triki poteoan ibiliko dira.
Bestalde, apirilaren 2an botoa eman ezin duenarentzat, Gure Esku Dago aurretizko botoak biltzen ari da. Bermeon, Gure Esku Dago-ren lokalean eman daiteke botoa astelehenetik barikura, 12:00etatik 14:00etara bitartean eta 18:00etatik 20:30era. Bihar, 10:00etatik 12:45era.
Informazioa gura duenarentzat, aldiz, Bermeoko Gure Esku Dago-k mahaiak jarriko ditu domekan, Mañu eta Almikan, 11:00etatik aurrera. Horrez gain, gogorarazi du gaur batzarra egingo dutela apirilaren 2an mahaietan eongo direnekin. Kultur etxean batuko dira, 19:30ean.
Gernika-Lumon ere boto aurreratua emateko aukera izango dute herritarrek asteburuan. Gaur 19:00etatik 21:00etara egongo dira, Gure Esku Dago-ren lokalean. Bihar, berriz, 12:00etatik 13:00etara egongo da aurretizko botoa emateko aukera Gernika-Lumon.
Errigoitin boto paperak etxez etxe banatuko dituzte, bihartik hasita. Gainera, herritarrek boto aurreratua emateko aukera izango dute, bihar hasi eta apirilaren 1a arte. Azken astean bezala, Busturialdeko gainontzeko herrietan ere aurretizko botoak batzen ari dira.