Arrain lonja berria «aurrerapauso garrantzitsua» izango dela dio udalak
Eusko Jaurlaritzak lanak lehiaketara aurten aterako ditu, eta hori «pozgarritzat» jo du udalak. Herriaren egunerokon proiektu garrantzitsua izango da udalaren esanetanEusko Jaurlaritzak esan du Ondarroako arrain lonja egiteko lanak aurten aterako dit...
Eusko Jaurlaritzak lanak lehiaketara aurten aterako ditu, eta hori «pozgarritzat» jo du udalak. Herriaren egunerokon proiektu garrantzitsua izango da udalaren esanetan
Eusko Jaurlaritzak esan du Ondarroako arrain lonja egiteko lanak aurten aterako dituela lehiaketara. Eta gauzak ondo badoaz, lanak ere aurten hasiko dituztela jakin eragin dute.Horren aurrean, Ondarroako Udalak esan du proiektu berria zehaztasun gehiagorekin ezagutzeko zain dagoela, baina aldi berean, lanak aurten hasteko asmoa «pozgarria» dela esan du. «Ondarroako herriarentzat proiektu garrantzitsua izango da, portuko gune guztiak berrantolatzeko aukera emango digulako eta horrek funtzionamendu egokiago bat izateko aukera eskainiko digulako», esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
Halaber, lonja berriak portuko jarduerei mesede egingo diela uste du, eta herriko garapenarentzako «aurrera pausoa» suposatuko duela azpimarratu du alkateak. «Proiektu berriaren lanak eta portuko eguneroko martxa uztartzea ere garrantzitsua izango da».
Lonja berriaren proiektua bukatutakoan, herritarrek libre geratzen diren guneak zertarako erabili definitzeko aukera edukiko dutela gaineratu dute. Horretarako, hain justu, HAPO berriaren diseinuaz baliatuko dira.
Berdela nagusi asteon
Berdela eta sardina izan dira nagusi asteon Ondarroako portuan. Esan dutenez, «oso ondo arrantzatu dute». Berdela dezente ibili da, eta kiloak 0,95 eta 0,80 euro bitarteko prezioa egin du. Amukoak ere egon dira, eta ondarrutarrez aparte, hondarribitarrek, donostiarrek eta pasaiarrek ere ekarri dute.
Berdelaz eta sardinaz gain, martitzenean bogak eta txitxarro zuriak ere sartu ziren. Txitxarro zuriak, gainera, prezio oso ona egin zuen (4 eurotik 2 euro bitartera, tamainuaren arabera).
Bestetik, antxoa oso gutxi egon da asteon.
Herenegun gauean [martxoaren 22tik 23rako goizaldean] eguraldi txarra egon zen eta txalupa gutxiago atera ziren itsasora. Dozena bat txalupa-edo izan ziren itsasoratu zirenak. Horiek berdela ekarri zuten (600-800 kaxa), baita sardina ere (2.000 kaxa).
Gainera, atzo [martxoak 23] 6.000 kilo legatz ere sartu ziren, eta bataz beste 5,5 euroan saldu zuten kiloa.