Arrain Azoka elkartearen babesarekin Itsuki Irratiak antolatzen du sariketa. Aurtengoa,
Hegaluze Saria banatzen duten 21. aldia izango da, eta zabaldu dute proposamenak aurkezteko epea.
Alberto Aurrekoetxea Hegaluze sariagaz, iaz
Hegaluze Sariagaz ekintza puntual bat edo jarraipen profesional bat saritzen da, Bermeoko herriaren izena zabaldu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. “Saria pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edo proiektu bati ematen zaio eta arlo guztietako ekintzak saritzen dira”, azaldu dute antolatzaileek. Saria, beraz, irekia da; kirola, enpresa, kultura, gizartea, ekonomia… arloko jendea saritzea posible da.
Irabazlea epaimahai baten bidez aukeratzen da, eta
irabazleak maiatzaren 19an, barikuan, jasoko du saria, Nestor Basterretxea aretoan egingo den ekitaldian.
Proposamenak hiru modutara aurkez daitezke: posta elektronikoz (
hegaluze@itsuki-irratia.net) edota gutunez Itsuki Irratira (Hegaluze Saria, 120p.k-48.370 Bermeo) bidalita, edota zuzenean, Turismo Bulegora eramanda.
Proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 23a izango da.
Proposamenekin batera, orri batean zergatiak idaztea eskatzen dute; hau da, zer dela-eta merezi duen pertsona horrek saria jasotzea.