Gernika-Lumo bonbardatu zutela 80 urte beteko dira aurten eta
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma ekimen berezia antolatzen ari da apirilaren 29rako eta 30erako. Era berean,
herriko hainbat taldek Gernika 80, 1937-2017 herri ekimena antolatu dute, eta apirilerako hainbat ekimen antolatu dituzte. Bata zein beste aurkezteko, Astran batu dira goizean antolatzaile guztiak, aurkezpen bateratua egiteko.
Gernikako taldeetako ordezkariak
Gernika Batzordeko, Arrano Kultur Elkarteko, Gernika Garretaneko, Sare Gernika-Lumoko, Lobakeko, Gite Ipeseko, NKAP-eko, Gernika Gogoratuzeko eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako ordezkariek parte hartu dute gaurko agerraldian, eta honakoa da apirilerako aurkeztu duten egitaraua.
- Apirilak 6. 19:00etan, Astran, Gernikaren Egiak mahai ingurua. Antolatzailea: Gite-Ipes.
- Apirilak 8. 12:30ean, Astraka bunkerrean, Oroimen erradiografia aurkezpena eta giza-katea. Antolatzailea: Sare Gernika-Lumo.
- Apirilak 19. 19:30ean, Elai Alai aretoan, Sartaguda, el pueblo de las viudas mahai ingurua. Antolatzailea: Arrano Kultur Elkartea.
- Apirilak 20. 19:00etan, Astran, Gernika 2037 aurkezpena: memoria eta espazio publikoa. Antolatzailea: Lobak.
- Apirilak 22. 19:30ean, Lizeo Antzokian, Ele! Lorca-Lauxeta antzezlana. Antolatzailea: Gernika Batzordea.
- Apirilak 24. 18:00etan, Lizeo Antzokian, Gernika: Historia bizia eta oroimena mahai ingurua eta eztabaida. Antolatzaileak: Arrano Kultur Elkartea eta Gernika Batzordea.
- Apirilak 25. 19:00etan, Elai Alai aretoan, Katalunya-Euskal Herria elkartasun ekitaldia. Antolatzailea: Gernika Batzordea.
- Apirilak 25etik 29ra. Elai Alai aretoan, Kultura eta Bakearen XXVII. jardunaldiak; Muga, itzalak eta edertasuna. Antolatzailea: Gernika Gogoratuz.
- Apirilak 26. Bonbardaketaren 80.urteurren eguna.
- 15:45. 4 minutu ekimena, Astran eta Merkurion. Antolatzailea: Kultura Batzordea.
- 19:30. Gernika Garretan herri antzerkia, Merkurio plazan. Antolatzailea: Gernika Garretan.
- 21:30. Kandelen manifestazio isila udaletxetik. Antolatzailea: Gernika Batzordea.
- Apirilak 27. 19:00etan, Astran, Navarra 1936 hitzaldia. Antolatzailea: Arrano Kultur Elkartea.
- Apirilak 28.
- Eguerdian, Tras La Frontera kale antzerkia. Antolatzailea: CEAR Euskadi eta Gernika Gogoratuz.
- 18:00. Astran, Historiaren Markak ibilaldia kalez kale. Antolatzailea: Gernika Batzordea.
- Apirilak 29.
- 10:30ean, Astran, suntsipen handiko gezurrak indargabetzen nazioarteko mintegia. Antolatzailea: NKAP.
- Egun osoa, Merkurio plazan, Memoriaren Azoka, liburu eta material azoka.
Bestalde, “gerrarik ez” oihukatzeko eta “errefuxiatu eta migratzaileak ongietorriak” direla adierazteko, errefuxiatuekin elkartasunerako nazioarteko topaketa eta Tipi-Tapa, Tipi-Tapa errefuxiatuen aldeko ekimena antolatu dituzte apirilaren 29rako eta 30erako.
Zutabeak. Modu horretan,
apirilaren 29an, zapatuan, errefuxiatuei babesa emateko ibilaldiak egingo dituzte. Oinez zein bizikletaz, Euskal Herri osotik Gernika-Lumora helduko diren jende zutabeak mobilizatuko dituzte. Euskal Herriko txoko guztiak
bandera horiz eta malko gorriz bete gura dituztela adierazi dute.
Zutabe guztiak Muxikan batuko dira apirilaren 29an, 16:00etan. Handik elkarrekin egingo dute bidea Gernika-Lumoraino.
16:30etan, Lurgorriko biribilgunetik, pankarta barik, isiltasun osoz, musikak soilik lagunduta, Pasilekurako bidea hartuko dute, “bonben eraginez hil diren edo beren etxeak utzi behar izan dtuzten pertsonen omenez”. Bide batez, 80 urte geroago, “gerra ikaragarriak ikusi behar izatea eta pertsona ugarik migratzen eta babesa bilatzen jarraitu behar izatea” salatuko dute. Pasilekura iristerakoan, iraganeko eta gaurko Gernikaren oroimenez, ekitaldi “hunkigarria” egingo dutela esan dute. Giza eskubideen eta bakearen mundu mailako erreferenteak bertaratzea aurreikusten dutela azaldu du Nati Ovelleiro Ongi etorri errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideak.
Hainbat herritan prest daude zutabeak, horietako asko, apirilaren 28an abiatuko dira, 29an Gernikara iristeko.
Bermeotik ere zutabe bat abiatuko da.
Apirilaren 30ean, bestalde, gaikako tailerrak eta esperientzien trukaketak egingo dituzte: Babeserako eskubidea, antimilitarismoa, feminismoa, faxismoari eta arrazakeriari ez, antikapitalismoa, harrera esperientzia, hegoaldeko muga eta desobedientzia landuko dituzte. Horien guztien helburua honakoa da: “hainbat esperientzia, konpromiso eta gizarte borroka ikusgai jartzea eta gerturatzen diren mugimendu eta elkarteen artean sareak eraikitzen jarraitzea”.
Astra kanpoan, komunikatua irakurri dute
Komunikatua. Aurkezpena egin ondoren, Astra kanpoan elkarretaratzea egin dute eta komunikatu bat irakurri dute; izan ere, gaur,
martxoaren 18an, urtebete da EBren eta Turkiaren arteko itunaren ondorioz mugak itxi zirenetik. Komunikatuan irakurri dutenez, “erabaki horrek, bizi baldintza ankerretan utzi dittu milaka migratzaile eta errefuxiatu, atxiloketa zentruetan sartuta”. Era berean, bat egin gura izan dute Europa osoan deitutako protesta ekintzekin, eta akordioa abiatu ostean harrapatuta geratu ziren 62.000 errefuxiatuen egoera salatu dute, gainera. “Ezin da hitz egin harrera zentroez, bertan jendea hotzak jota hiltzen baldin bada. Egeoko uharteak kartzela bihurtu dira, Greziako erakunde solidarioak salatzen ari direnez”.
Errefuxiatu eta migratzaileei babesa agertzeko, Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak, Gernikako kolektiboekin batera, gaurko eguna aukeratu dute Ongi Etorri Gernika 2017 Nazioarteko Topaketa aurkezteko: “gaur sekula ez bezala, beharrezkoa dugu Gernikan gertatu zena biziki oroitzea, eta aski da esatea milioko pertsona ihes egitera behartzen dituen beste Gernika horietan gertatzen ari denaren aurrean. Bihur dezagun lurralde, auzo, herri, hiri…bakoitza harrera lurralde”.