237 pertsonek izena eman dute Gernika-Lumoko duatloian
Elite mailan 81 atleta daude izena emanda, eta adin tartekoan 156. 15:00etan hasiko da adin tartekoen proba, eta elitekoena 17:00etatik aurrera lehiatuko duteBihar arratsaldean lehiatuko dute Gernika-Lumoko 22. Nazioarteko Duatloia, eta 237 pertsona da...
Elite mailan 81 atleta daude izena emanda, eta adin tartekoan 156. 15:00etan hasiko da adin tartekoen proba, eta elitekoena 17:00etatik aurrera lehiatuko dute
Bihar arratsaldean lehiatuko dute Gernika-Lumoko 22. Nazioarteko Duatloia, eta 237 pertsona daude izena emanda. 15:00etan hasiko da adin taldeen arteko proba, eta 17:00etan elitekoena.Biharkoa Euskal Herriko zirkuituko seigarren proba da. Aurrekoak Barakaldon, Sopelan, Mungian, Basaurin eta Oñatin jokatu dituzte.
Elite mailakoa Espainiako Txapelketarako puntuagarria da, eta 81 atletak (16 emakumezko eta 70 gizonezko) izena eman dute. Adin tarteko probarako 156 pertsona (15 emakumezko eta 141 gizonezko) daude izena emanda.
15:00etan adin tarteko duatloia lehiatuko duten emakumeak aterako dira Pasealekutik, eta bost minutu beranduago hasiko da gizonezkoen lehia.
17:00etan elite mailako gizonezkoen txanda izango da, eta bost minutuko tarteagaz ekingo diote probari emakumezkoek.
Parte hartzaileek 11:30etik 14:15era hartu beharko dituzte dortsalak Elai-Alai aretoan. Ondoren, 15:30etik 16:45era materialen kontrola egingo dute.
Pasealekutik irtenda, arineketan bost kilometroko zirkuitua egingo dute lehenengo; udalerritik bi buelta emango dituzte.
Jarraian, bizikletetara igota 20 kilometroko ibilbidea burutuko dute. Gernika-Lumotik Arratzura joango dira, eta Zarrabentatik Mendatara igo ostean, Gernika-Lumora jaitsiko dira. Proba amaitzeko, 2,5 kilometro egingo dituzte herrigunetik.
Sariak 19:00ak inguruan banatuko dituzte. Irabazleak txapela, garaikurra, Campos kontserba sorta eta 300 euro jasoko ditu. Bigarren sailkatuak garaikurra, Campos kontserba sorta eta 200 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak, berriz, garaikurra, Campos kontserba sorta eta 100 euro.
Beste urte batez, etxeko hainbat ordezkarik parte hartuko dute zapatuko elite proban. ANB Urdaitri Motrivation taldeko Ander Okamika, Gotzon Gondra, Aitor San Vicente, Alberto Barrio eta Javi Goitia atletak Gernikan marka ona lortzen ahaleginduko dira.
Bestalde, Urdaitri taldeko kide hauek parte hartuko dute adin tartekoan: Jesus Ares, Joseba Arroitia, Joseba Arruza, Aritz Flores, Mikel Goitisolo, Gaizka Lezamiz, Mikel Loizaga, Iñigo Ortuzar, Juan Carlos Posada eta Iñaki Vara. Era berean, Gernikako Arin Arin Atletismo Klubeko Gurutz Kortabitartek, Mikel Goitiak eta Paul Gomezek izena eman dute.
Kategoria horretan lehiatuko dira baita ere Lekeitioko Garraitz Triatloi taldeko Jon Ander Bilbao, Unai Larrondo, Julian Lopez, Juanjo Ortiz de Mendibil eta Iker Prieto.