Bermeon sortutako sastar kopuruak behera egin du
2016. urteko datuen arabera, sortutako sastar kopurua %1,24 jaitsi da, azken hogei urteetako daturik onena lortuz; 4.803 tona sastar batu dituzte, hain zuzen ere.
Irune Ormaetxea ingurumen zinegotziaren esanetan, bermeotarrek gero eta sastar gutxiago sortzen dute, eta horri esker, Bizkaiko mailarik onenera iristea lortu dute. Era berean, hondakinen murrizketa “neurri batean birziklatzearen igoeran oinarritzen dela” azpimarratu dute. Bermeon, hala ere, birziklatze datuek beherakada txikia izan zuten 2016an, %1,51ko beherakada, beira gutxiago batzearen ondorioz. Hala eta guztiz ere, Bermeon, iaz, guztira, 1.509 tona hondakin batu zituzten, hondakin guztien %26a, zehazki. Arropa eta bolumen handiko hondakinen bilketak eta ontzien birziklatzeak gora egin dute, besteak beste. Arropa bilketa zerbitzuak izan du arrakasta handiena, guztira, ia 41 tona batu dituzte kaleko edukiontzietan. Bolumen handiko hondakinei dagokienez, 153 tona altzari eta etxetresna zahar bildu dituzte; ontziak, aldiz, 279 tona batu dituzte.
Beherantz egin dute, berriz, beira eta papera eta kartoiari dagozkien bilketak. Beiraren kasuan, esaterako, beherakada nabarmena izan dela azaldu dute, aurreko urtean baino 32 tona gutxiago jaso dituzte. Papera eta kartoiari dagokionez, 13 tonakoa izan da jaitsiera.
Halaber, etxeko olio zikinaren bilketa nabarmendu nahi izan dute; nahiz eta 2016.urtean batutako kopurua jeitsi egin den, 10 tona inguru oli zikin biltzea lortu dute. Batutako olio zikinaren kopuruak gora egiteko, aurten, herriko supermekatu batean olioa batzeko zerbitzua jarri dutela gogorarazi gura izan dute udaletik.
Udaleko arduradunek gogorarazi gura izan dute kontsumitzerako orduan “arduratsuak izateak” duen garrantzia, “iraunkortasunaren ikuspuntua kontuan hartuz”.
Nahiz eta bermeotarrek birziklatzeko ohituran denborarekin “hobetzen joan diren”, aurtengo beheraka berriz eman ez dadin herritarrei “ez erlaxatzeko” deia egin diete: “Gaika birziklatzen jarraitu behar dugu, ingurumena guztion artean zaintzeko”.