Mikel Lertxundik gorako jauzian Espainiako Txapelketa irabazi du
Bermeoko Taraska Atletismo Taldeko entrenatzaileak beterano mailako txapelketan nagusitu zen pista estalian, zapatuan, Madrilen. Lertxundik 1,79 metroko marka lortu zuen.
Bestalde, egun berean Taraskako kadeteek Euskadiko eta Espainiako pista estalietako txapelketetara sailkatzeko marka pertsonalak hobetzeko probak egin zituzten Zorrotzan. PLP deritzen probetan gutxieneko marka batzuk lortu behar dituzte aipatu txapelketetara sailkatzeko. Taraskako sei atletak (bost neska eta mutil bat) parte hartu zuten zapatu arratsaldeko saioan, eta lortu beharreko marketatik oso hurbil geratu ziren. Taraska taldeko ordezkariek azaldu dutenez, gutxieneko horietara ailegatzea “oso gaitza” da, eta hurrengoan emaitza hobeak lortuko dituztela uste dute.
Taraska taldeko kideak Bizkaiko Txapelketarako gogor entrenatzen ari dira. Hemeretzi urtez azpiko kluben artekoa apirilaren 1ean jokatuko dute, eta kluben arteko taldekako absolutua apirilaren bigarren asteburuan lehiatuko dute: “Bizkaiko talde guztiak egongo gara, eta orain hori preparatzen ari gara”.