Urdaitri taldeko kideak
ordu bete, 11 minutu eta sei segundoko marka lortu zuen zapatuan Asturiasen lehiatutako proban.
Goitia helmugan sartu zen unea.
Argazkia: Basati Bike.
Korrika hasi zuten proba, eta gernikarrak hamasei minutu eta hamasei segundotan amaitu zuen bost kilometroko lehen zatia. Ondoren, bizikletara igota, 20 kilometroko ibilbidea 46 minutu eta 31 segundotan egin zuen. Arineketan egin zuten azken zatian, berriz, zortzi minutu eta hamazortzi segundotan egin zuen bi kilometro eta erdiko ibilbidea.
Lehia estua egon zen lehenengo sailkatuen artean. Daniel Bayon bigarren sailkatuari 22 segundo atera zizkion, eta Jorge Blanco hirugarren sailkatuak Goitiarengandik minutu bat eta hamazortzi segundora amaitu zuen duatloia.
Gizonezkoetan
72 parte hartzailek amaitu zuten proba, eta emakumezkoetan, berriz,
bederatzik. Laura Alvarez izan zen emakumezkoetan azkarrena, ordu bete, 27 minutu eta lau segundoko denboragaz. Beatriz Tenreiro (1:31.17) eta Merche Bueres (1:33:26) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Goitiak azaldu duenez, asteburu pasa Xixonera joateko zirelako erabaki zuen izena ematea eta
oso gustora dago egindako lanagaz: “Anaiak Espainiako Kross Txapelketan parte hartu du Euskadiko selekzioagaz, eta aurreko astean eman nuen izena. Ikusi nuen batik bat bizikletaz egin beharreko tartea oso gogorra zela, eta niretzat aproposa. Korrika ni baino hobeak izan ziren, baina, bizikleta hartu nuen eta diferentzia nahiko atera, gero korrikako azken zatian ez harrapatzeko”.
Duatloiaz gozatzea zen bere asmoa, eta irabazteko aukeraren bat izan zitekeela jakin arren, bazekien gaitza izango zela: “Banekien garaipena lortzeko egun borobila izan behar nuela. Bigarren egin zuena oso ona da, korrika asko dabil, eta banekien lehenengo kilometroetan distantzia asko aterako zidala. Horregatik, banekien hura harrapatu eta bizikletan alde handia atera beharko niola, eta horrela izan zenez azken korrikaldian ezin izan zidan harrapatu”.
Hurrengoa etxean
Urtero hainbat duatloi egiten ditu gernikarrak, eta aurtengo denboraldiko
helburua triatloiak lehiatzea dela zehaztu du: “Igerian ez naiz hain ondo moldatzen, eta horregatik ikastea da nire asmoa, datorren urterako ikasten joateko apurka-apurka. Printzipioz Euskal Herriko triatloiren baten bat egin gura dut, baina oraindik ez dut erabaki nun hasiko naizen.
Bermeokoa egitea gustatuko litzaidake, etxe alboan dago eta gogorra da, eta triatloi denboraldia bertan hastea gustatuko litzaidake”.
Hurrengo proba
zapatu honetan bertan etxean lehiatuko du. Maila altua egongo dela dio, eta lehenengo hogeiren artean sailkatzea gustatuko litzaioke: “Beti nahi dugu gorengo postuetan amaitu; lehenengo hamarren artean geratzea itzela litzateke, eta lehenengo hamabost edo hogei sailkatuen artean egotea ere asko izango da”.