Alexis Apraiz: "Pozik nago egin dudanagaz; esperientzia izugarria izan da"
Ia hamabi denboraldi bete dituzu Asegarcen, eta Santanapeko azken partidan ere bertako lagunak egotea da zure asmoa. Zuk aukeratuko al duzu zeinekin eta zeintzuen kontra jokatu? Saiatuko naiz. Gustatuko litzaidake Arretxe etortzea; ea ahal duen, pena handiagaz geratu baitzen. Beste atzelaria bizkaitarra izango dela argi dut, Aretxabaleta bera edo Ibai Zabala, ahal duena. Bizkaitarra izatea gura dudala argi dut, bizkaitarrok beti ibili garelako elkarrekin entrenatzen. Aurrelariari dagokionez, gaitz dirudi Mikel Urrutikoetxea egotea, txapelketan sartuta dagoelako. Hark ezin badu, Victor etortzea gustatuko litzaidake. Horrela partida txukuna irten ahal dela uste dut. 2006ko abuztuko herriko jaietan profesionaletan debutatu zenuenetik 540 partida inguru jokatu dituzu Asegarcegaz. Zelako errepasoa edota balantzea egiten duzu? Balantzea nahiko positiboa izan dela uste dut. Esperientzia oso ona izan da. Txikitatik pilotari profesional izan nahi nuen, eta lortu dut. Alde horretatik, nahiko harro nago. Kirolean gorabehera asko daude; behean hasi, eta apurka-apurka gora igo nintzen. Gora heldu nintzen: txapelketa eta torneo ia denak jokatu ditut, eta dauden pilotari onenekin ibili naiz. Beraz, gutxik lortzen dutena lortu dut, eta pozik nago egin dudanagaz. Esperientzia izugarria izan da, ezin naiz kexatu. Pilotariak aipatu dituzu. Frontoiak ere asko ezagutu dituzu. Bai, frontoi mitikoetan jokatzeko zortea izan dut, esate baterako, Logroñoko Adarragan eta Eibarko Astelenan. Denetatik pasatu naiz, eta denak ikusi ditut. Bidean lagun asko uzten dituzu, eta esperientzia oso ona eta polita izan da. Arantzarik geratu al zaizu? Geratu zaidan arantza Titinegaz jokatu ez izana da; haren kontra jokatu dut, baina bikote moduan ez, eta ilusio hori baneukan. Irujo, Aimar, Pablito, Bengoetxea eta Xalaren moduko figura edo izarrekin jokatu dut, eta oso gustura, baina harekin ez, eta pena hori geratu zait. Bestalde, kirolariontzat, batik bat, lesioak izaten dira arantzak, eta nik alde horretatik zortea eduki dut. Inoiz ez naiz lesionatu, eta partida gutxi utzi behar izan ditut bertan behera.“Txikitatik pilotari profesional izan nahi nuen, eta lortu nuen. Ezin naiz kexatu”
Ehunka partidaren artean bat aukeratzea zaila da, baina zein da bereziki gogoan duzuna, bereziena? 2011ko txapelketan Pablitogaz Irujo eta Merino II.aren kontra Lizarran jokatutakoaz akordatzen naiz. Kristoren partida egin genuen; haiek ziren faborito, eta guk lortu genuen puntua. Gainera, erraz irabazi genuen. Gero, 2012koan Urdulizen Bengoetxea eta biok Irujo eta Barriolaren kontra jokatu genuen, eta tanto bategatik kanpoan geratu ginen. Partida hartan hamasei tanto egitea lortuz gero, hurrengo partidara sailkatuko ginatekeen, baina hamabost egin genituen. Partida hori ere ez zait sekula ahaztuko. Profesionaletako aroa agurtuta, etapa berri bat hasi duzu. Hemendik aurrera zertan ikusiko zaitugu? Lehenengo hilabete batzuetan deskantsatzea tokatzen zait, deskonektatzea. Ez dirudien arren, burua asko nekatzen da, ez bakarrik gorputza. Beti zaude begira edo zain jokatu ez jokatu, prestaketa… Buruari buelta asko ematen dizkiozu. Horregatik, orain apur bat deskonektatu gura dut, eta gero behar egin eta bizimodu normala izan. 11 urte polit izan dira, ez naiz ezertaz damutzen. Baina amaitu da, eta orain beste gauza batera. Kirolariok badakigu kirolari bizitza ez dela hain luzea. Etapa bat amaitu da, eta orain beste bat hasteko ilusioz nago. Herriko pilota taldean entrenatzaile lanetan ibiliko zara? Gustatuko litzaidake umeak entrenatzea. Asko gustatzen zait. Muxikan, Urretxindorra eskolakoekin aritzen naiz pilotaka erakusten. Hemendik bizpahiru hilabetera edo proposatzen badidate edo horrela suertatzen bada, pozik eta gustura egingo dut. MOTZEAN:“11 urte politak izan dira, eta ez naiz ezertaz damutzen”
- Pilotari bat: Bakarra egingo nuke esan, batzuk esatearren, Pablo Berasaluze eta Aimar Olaizola.
- Frontoi bat: Adarraga.
- Pilota: Pasioa.
- Pilotari batek ezinbesteko duen ezaugarria: Teknika edukitzea.
- Pilotatik aparte, beste pasio bat: Futbola eta Athletic.