Kultura ere Korrikaren alde
Korrika kulturalak hainbat ekimen dakartza Busturialdera. Berbalagunek ere Korrika kulturalagaz bat egin duApirilaren 5ean helduko da Korrika Busturialdera. Eatik sartuko da, 14:54ean. Egun hori heldu bitartean, baina, Korrikaren aldeko ekimen kultural...
Korrika kulturalak hainbat ekimen dakartza Busturialdera. Berbalagunek ere Korrika kulturalagaz bat egin du
Apirilaren 5ean helduko da Korrika Busturialdera. Eatik sartuko da, 14:54ean. Egun hori heldu bitartean, baina, Korrikaren aldeko ekimen kulturaletan parte hartzeko aukera edukiko dute herritarrek. Korrika kulturalaren baitan, lehen ekitaldia otsailaren 17an egin zuten. Bermeon, Karramarro antzezlana ikusteko aukera egon zen, Korrikaren alde.Zapatu honetan, martxoaren 11n, Lekuek festibalaren baitan prestatutako Kepa Junkera eta Sorginak kontzertua, gainera, Korrikaren aldekoa ere izango da. Jai Alai pilotalekuan joko dute, 20:30ean.
Martitzenean, martxoaren 14an, bertso eskola praktikoa emango dute bertso eskolakoek, AEK-n, 19:00etan hasita. Martxoaren 16an, berriz, herritarrek bertso saioagaz gozatzeko aukera edukiko dute. Igor Elortza, Amets Arzallus, Xabat Galletebeitia eta Unai Agirre igoko dira Elai-Alai aretoko oholtza gainera. Saioa 19:30ean hasiko da.
Hurrengo egunean, martxoaren 17an, Bermeon egingo dute Korrika kulturala. Hain zuzen, Titirikontu kontari txotxongiloen ikuskizuna eskainiko dute umeentzast. Saioa Nestor Basterretxean izango da, 18:30ean.
Martxoaren 18an, Gernikako Seber Altube ikastolak antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Tipi-Tapa Korrika ikuskizunak korrika kulturalagaz bat egingo du. Bi saio eskainiko dituzte, 16:30ean eta 19:00etan. HITZAk harpidedunen txokoan lau lagunentzako bina sarrera zotz egingo ditu. Parte hartu gura duenak 94-684 44 36 telefono zenbakira deitu beharko du.
Ohe tapakia eta irteera
Bestalde, Korrikaren alde, ohe tapakia egin dute Busturialdean, auzolanean, eta Gernikako Bikaña altzari dendan ipini dute ikusgai. Hain zuzen, apirilaren 2an zotz egingo dute.
Bestalde, Berbalagunek hilabete amaieran egiten duen mendi irteera ere Korrikaren aldekoa izango da. Hori dela eta, martxokoa astebete atzeratu dute, eta apirilaren 1ean egingo dute. Txango horretara, Korrikaren petoak, nikiak, buff-ak, pin-ak eta abarrak jantzita joateko eskatu du Gernika-Lumoko Berbalagunek.
Gernika-Lumon bihar egingo dute Korrikaren aurkezpena, 19:30ean, Elai-Alai aretoan. Bermeon barikuan egin zuten.