Apirilerako hamaika ekintza antolatu dituzte, bakearen eta askatasunaren alde
Gernika Batzordeak eta Independentistak Sareak hitzaldiak eta elkartasun ekitaldia antolatu dituzte, besteak beste, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren eta Aberri Egunaren hariraAberri Egunaren eta Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren ha...
Gernika Batzordeak eta Independentistak Sareak hitzaldiak eta elkartasun ekitaldia antolatu dituzte, besteak beste, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren eta Aberri Egunaren harira
Aberri Egunaren eta Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira elkarlanean prestatu dituzten mobilizazioen eta ekitaldien berri eman dute Gernika Batzordeak eta Independentistak Sareak. Besteak beste, hitzaldia, mahai ingurua, antzezlana eta elkartasun ekitaldia egingo dituzte datorren hilabetean.Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko dituzte apirilaren 16an, Aberri Egunean, eta egun osoko egitarau «zabal eta oparoa» antolatzeko zereginean ari dira. Udaletxetik manifestazioan aterako dira lehenengo, eta amaieran, ekitaldi politikoa egingo dute, Pasealekuan.
Askatasuna eta Bakea… Euskal Herriak Erabaki lelopean askotariko ekimenak burutuko dituzte apirilean. Euskal herritarrak «menpekotasunezko ira- ganari» loturik mantentzen dituzten kateak apurtu, eta etorkizunera salto egiteko garaia heldu dela aldarrikatuko dute.
Etorkizuna erabakitzeko garaia iritsi dela dio Maite Aristegi Independentistak Sareko kideak: «Mende luzeetako menpekotasunaren zamak sakon markatu du euskal gizartea, baina belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu da askatasun egarria, eta, gaur egun, inoiz baino argiago dago geure buruaren jabe izateko beharra».
Gernikak dependentziaren kaltea ondo adierazten duela azaldu du, baina, aldi berean, mundu osoan askatasunaren eta bakearen ikur bilakatu dela gogora ekarri du.
Bestalde, Gernika Batzordeko Sabin Ibazetak salatu du 80. urteurrena beteko den honetan, ardurak onartu barik, egia azaleratu barik, justizia egin barik eta erreparazioari biderik eman barik jarraitzen dutela.
Horregatik, legeak «derrigortutako ahanzturatik» libratu beharra azpimarratu du: «Gizateriaren aurkako ekintza hura argitu beharra dago, memoriara ekarri eta kontatu beharra».
Ibazetak esan duenez, bonbardaketagaz «herri oso bat suntsitzeko» asmoa eduki zuten, eta Herbert Southwoth kazetari, idazle eta historialari estatubatuarraren berbak aipatuz, suntsiketa hark «espainiar estatu berriaren sortze agiria» ekarri zuela gogoratu du.
Klandestinitatean
Maria Gonzalez EHUko irakasleak Gernika Batzordearen sorrera aipatu du. 1975. urtean sortu zenean, herritarren aurkako bonbardaketari buruzko ikerketa eta oroimen kolektiboa berreskuratzeko zereginean klandestinitatean egindako lana nabarmendu du.
Bonbardaketaren egia lekukotzen eta historialarien jardunaren bitartez berreskuratu zela azaldu du, eta ondorioak 1987an egindako Historialarien Mahaian azaleratu zituztela.
Hain zuzen ere, mahai inguru historiko haren transkripzioa argitaratuko dute apirilaren 6an, Astran, eta, bestalde, bonbardaketaren testuinguru soziopolitikoa hainbat ikuspuntutatik azaltzeko mahai ingurua antolatu dute apirilaren 24rako.
Egun horretan, Renoko Unibertsitako Xabier Irujo irakasleak bonbardaketa genozidioaren testuingurua azalduko du, eta Ingo Niebel kazetari eta historialariak Condor Legioaren «puntu ilunak» argituko ditu. Halaber, Euskal Memoria Fundazioko lehendakari Iñaki Egañak Espainiar Estatuaren «errepresio jarraituaren» kronologia zehaztuko du, eta Gonzalez EHUko irakasleak «gezur ofizialaren» komunikazioaz berba egingo du.
ELE antzezlana
Bestalde, apirilerako aurreikusitako ekitaldien artean, Josu Camararen ELE antzezlana ere izango da. Camarak azaldu duenez, Lorcaren poesiaren emozioak eta Lauaxetaren bihotz barruko emozioak agertokira eroan, eta publikoari igorriko dizkiote apirilaren 22an Lizeo Antzokian egingo duten ikuskizunean. Zuzendariaren berbetan, ezohiko lana da, ildo argumentu argirik ez duena, eta bi kulturen arteko harremanaz hitz egiten du.