Zelaietaburu memoriarako gune bihurtu dute
Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratu eta memoria gunera igarotzeko azken pausoa eman zuen Ahaztuen Oroimena elkarteak, domeka goizean, omenaldi bategaz. Zelaietaburun hil ziren eta borrokan jardun zuten gudari eta milizianoak izan zituzten ...
Gehienak oinez joan ziren omenaldira, Artibai Mendigoizale Taldeagaz eta ETX kultur elkarteagaz batera Ahaztuen Oroimenak antolatutako ibilaldian. Indarrak hartzeko, salda beroa, txorizoa, sagardoa eta gazta dastatzeko aukera eduki zuten Zelaietaburura heldutakoan, eta ekitaldiagaz hasi ziren ondoren.
Erreparazioa
Patxi Ibarzabal Ahaztuen Oroimena elkartekoak aurrekariak azaldu zituen. Zelaietaburuko gainean, gipuzkoarako begiratokian lubakia egin zuten gudari edo milizianoek 1936ko irailaren bigarren hamabostaldian, eta egun batetik bestera utzi behar izan zuten posizioa.
Gudari eta milizianoek egindako lubakian hiru gorpuzkin deshobiratu zituzten, 2016ko martxoan eta apirilean, baina, zoritxarrez, ezin izan direla nortzuk diren jakin azaldu zuen Ibarzabalek. «Hemen aurkitutako hiru gudari horiek hemen gertatutako mugimendu guztiaren adierazgarri dira», esan zuen, 36ko kolpeak eskubideak hurratutako denek erreparaziorako eskubidea zutela azpimarratuz. «Giza eskubideak denentzat berdinak badira, hemen 80 urtez hobiratuta egon direnentzat, are gehiago».
Lurren jabe eta auzotarren borondate ona eskertu zituen elkarteak, eta Mertxe Lejardi Gabilondo Zelaieta baserrikoak bistaratu zuen panela.
Etxebarria, Ondarroa, Markina-Xemein eta inguruetako herritarrez gain, Etxebarriko udal ordezkariak ere egon ziren Zelaietaburun: Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea eta Karmelo Ibarluzea eta Kepa Kastillo zinegotziak.