Brigaden aurkezpena egingo dute barikuan, Gernika-Lumon
Borrokak uztartzen lelopean, #Brigadak2017 kanpaina abiatu du Askapenak. Barikuan Gernika-Lumon egingo dute aurkezpena; Astran, 19:00etan.
Askapenetik azaldu modura, “azken urteotako dinamikarekin jarraitzea da asmoa. Alde batetik, Abya Yalako prozesuen jarraipena egingo dugu horiek bizi duten egoera ezegonkorrari aurre egin eta Argentina/Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko eta Venezuelan dauden erresistentzia esperientziak ezagutzeko. Horiei Kubarako brigada gehitu zaie aurtengoan”. Bestalde, Europan, Herrialde Katalanetako brigadarekin batera, berrikuntza modura, “Bretainia-ZAD eta Italiako brigadak ere burutuko dituzte, Kapitalaren Europan herri zapalduetatik sortzen diren alternatibak ezagutarazteko”.
Palestinara brigada ere izango da, “sionismorik gabeko Euskal Herria sortze bidean palestinar erresistentzia ezagutu eta Euskal Herrian BDZ (Israeli boikota, desinbertsioak eta zigorrak) kanpaina zabaltzeko”.
Askapenak 30 urte beteko ditu aurten herrien arteko joan-etorriko elkartasuna bultzatzen. Modu horretan, Euskal Herriko internazionalista guztiak deitzen dituzte, “brigadetan parte hartu eta Euskal Herriko borrokak gainontzeko herrietako borrokekin uztartzeko”. Parte hartu gura duten horiek brigadak@askapena.org helbide elektronikora bidali beharko dute mezu bat.