Argi esperimentuak egiteko zientzia tailerra antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak
Argiaren oinarrizko printzipioak eta egunerokoan dituen aplikazioak ezagutzeko asmoz, argi esperimentu didaktikoak egiteko zientzia tailerra eskainiko du Gautegiz Arteagako Udalak, datorren barikuan, martxoaren 10ean.
Tailerra Kultur Etxean izango da 17:30etik 19:00etara. Gazteei zuzendua egon arren, interesa duen edozein herritarrek parte har dezake.
Bertaratzen direnek, naturaren fotosintesi prozesutik hasi eta internet, laser bidezko ebakuntza edota 3D filmak bezalako aplikazio teknologiko ikusgarri zein berritzaileak ikuspuntu esperimentaletik ezagutzeko aukera izango dute.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak adierazi duenez, “tailerra herriko jarduera sozio-kulturalak dinamizatzeko modu bat da, kasu honetan ikuspegi zientifikotik. Horrez gain, modu dibertigarrian zientziara hurbiltzea aisialdiaz gozatzeko eta ikasteko aukera ona da”.