Ume, gazte zein nagusientzako jarduerak prestatu dituzte astebururako
Busturialdeko olatua hartzeko lanean ari dira herritarrak, eta datozen egunetan ere egitarau betea dakar Gure Esku Dago-k. Eako, Bedaronako eta Natxituako herritarrek Umeen Eguna ospatuko dute zapatuan. 11:30ean, Eskolondon tailerrak egingo dituzte: esku erraldoiak zein karetak egiteko; kamisetak margotzeko edota aurpegia margotzeko aukera izango dute, besteak beste.
Herria girotzeko, kalejira ere egingo dute, baita Pirritx, Porrotx eta MariMototsen Eskuetan abestiagaz eginiko koreografia dantzatu ere. Gainera, etorkizuna erein asmoz, zuhaitz bat landatuko dute, eta hamaiketako herrikoia jateko aukera ere edukiko dute.
Domekan, aldiz, erabakitzeko eskubidearen aldeko ibilaldia egingo dute. 4 kilometrokoa izango da, eta 11:30ean abiatuko dira, Natxituko plazatik.
Poteoa, taloak eta txitxiburduntzia. Gautegiz Arteaga, Kanala eta Ibarrangeluko bizilagunak, berriz, poteoan aterako dira, herri kontsultaren alde. Bihar, Kanalako Gizarte Etxean batuko dira, 12:00etan. Poteoan hasi, eta Gautegiz Arteaga, Laida eta Ibarrangeluraino helduko dira.
Mendatan, Txitxibuduntzi egunarekin bat egingo du Gure Esku?Dago-k. Goizean pankartak egiteko deia egin dute; eta arratsaldean, urdinez jantzita, globoekin aterako dira kalera.
Mahaia ere jarriko dute, pinak, kamisetak eta abarrak saltzeko zein eskuorriak banatzeko. Egunari jai giroa emateko, triki-poteoa ere egingo dute. Eta Ereñon ere erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena egingo dute bihar. 19:00etatik 22.00etara taloa jateko aukera edukiko dute herritarrek eskoletan.
Bariku gauean, berriz, bertso afaria egingo dute Astran, Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra eta Ander Elortegi bertsolariekin. Eta martxoaren 18an bazkaria egingo dute Bermeon, Kasinoan.