Maiatzaren 7ko galdera zehaztuko dute Mutrikun gaur eta etzi
Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikak batzar irekiak egingo ditu datozen egunotan, maiatzaren 7an egingo den galdera zehazteko. Batzarrak gaur eta etzi egingo dira Luardon, 19:00etan. «Maiatzaren 7an egingo den galdeketan zer galdetu erabaki behar ...
Herri dinamikako ordezkariek adierazi dutenez, gauza bera egingo da bi batzarretan. «Ez dugu inor parte hartzeko aukerarik gabe utzi nahi. Horrenbestez, batzar batera etortzeko aukerarik ez dutenei beste aukera bat ematea erabaki dugu».
Galdera zehazteaz gain, beste hainbat kontzeptu ere eztabaidatuko dituzte batzarrean. Honakoak, esaterako: Euskal Herria, Estatua, Independentzia, Burujabetasuna… Batzarrak, gainera, boluntario bila hasteko aprobetxatuko dituzte.
Bideoklip grabaketa
Lea-Artibain ere galdera zehazten hastera doaz, eta horrekin lotuta, hainbat ekimen antolatu dituzte etzirako. Markina-Xemeinen, esaterako, eskualdeko abestiaren bideoklipean erabiltzeko bideo grabaketa egingo dute, 16:30ean, Boluko zubian. 17:30ean, berriz, galdera adosteko kafe tertulia egingo da Uhagon kulturgunean. «Markina-Xemeingo galdera adostuko dugu, eta berau eramango dugu Lea-Artibaiko taldera, bertan galdeketa egingo dugun 11 herriok galdera adosteko».
Etxebarrian, berriz, Zubien bideokliparen grabaketa egingo dute 16:30etik 18:30era, eta amaieran, tortilla pintxo dastaketa egongo da. «Grabaketa Lausagarretan hasi eta Irubiden amaituko da».