Bermeoko udal gobernuak
zaharren egoitzari buruz aurkeztutako mozioa onartu zuten azken udalbatzarrean.
Guzanek, Izartu Bermeok eta EH Bilduk mozioaren alde bozkatu zuten, Eusko Alderdi Jeltzaleko
(EAJ) zinegotziek, berriz, aurkako botoa eman zuten. Bermeoko Udalak argi dauka herrian
bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna duten pertsonentzako egoitza dela behar dena, eta
gaur egun dauzkaten moduko kalitatezko zerbitzuak edukitzea gurako lukete, gainera.
Sancti Spiritus zaharren egoitza
Onartu duten mozioaren bitartez,
Bizkaiko Foru Aldundiari esan gura diote zer nolako zaharren egoitza gura duten eta zeintzuk diren eskatzen dituzten gutxieneko baldintzak. Hala,
udal egoitzak GUFEn (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) barneratzea eskatzen dute; eta integrazio prozesuan,
egoiliarren eskubideak eta langileen jatorrizko lan baldintzak une oro bermatzea.
Era berean, aldundiari eskatzen diote udal egoitzak GUFEn barneratzen ez diren bitartean, gaur egun hitzartu gabeko leku guztiak foru aldundiak ordain ditzala eta bere osotasunean onar dezala bere eskumenen barruan aurkitzen den zerbitzuaren kostua.
Aldundiaren eskumena. Mozioan gogorarazi dutenez, 2008. urtean onartu zen Eusko Legebiltzarrean Gizarte Zerbitzuei buruzko legea, eta 2009an indarrean sartu zen. 2015ean, berriz, Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek legearen nondik norakoak garatu zituen, eta zerbitzu bakoitzaren eskumenak norenak izango diren zehaztu zituen, beste hainbat gauzaren artean.
Modu horretan, mozioan aipatzen denez, Gizarte Zerbitzuen Legeak arautzen dituen eskubideak 2016ko abenduaren 25etik aurrera unibertsalak eta subjektiboak bilakatu ziren. Hau da, eskumena duten administrazioek horiek bermatu behar dituzte. Legeak dioenaren arabera,
udalen esku dago lehen mailako arreta eskaintzea, eta aldundien eskumena da, berriz, bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna dutenei arreta eskaintzea.
Gizarte Zerbitzuen Legearen garapena bermatze aldera, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak esan duenaren arabera, «Bermeoko Sancti Spiritus zaharren egoitzaren eskumenen transferentzia da zailtasun handiena duena», eta hori lortzeko buru-belarri ari dira aldundiagaz lanean, bere eskumenekoa baita.
Bermeoko Zaharren Egoitzak 67 leku ditu. «Egoitza herrian dugun gabezi bati erantzuten saiatzen da. Egoileen profila urte guzti hauetan aldatzen joan da, eta azken urteotako joera ikusita, gure egoileak gero eta nagusiagoak dira, gero eta mendekotasun handiagoa daukate, eta ondoan dugun osasun mentaleko ospitaletik etorritakoak ere sarritan izaten ditugu».
Eskubideak bermatuta. Jeltzaleak ez ziren mozioagaz ados agertu, eta aurka bozkatu zuten.
Horien iritziz ez da udalaren mozio bat, baizik eta EH Bilduk aurkeztutakoa. Mozioak, egoiliarren zerbitzua bermatzea eskatzen du, eta EAJk azaldu duenez,
aldundiagaz izandako batzarrean «argi eta garbi esan ziguten bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna daukaten pertsonen zerbitzua bermatuta egongo dela. Are gehiago, orain arte hitzartutako
41 leku ordaindu beharrean, 67 ordainduko ditu».
Langileen eskubideak aipatuta, mozioan langileen eskubideak bermatzea baino, «langileak GUFEra sartzea eskatzen da», jeltzaleen arabera. Udalaren langileak diren heinean, hala ere, «udalak bermatu beharko lituzke langileen eskubideak».
Bestalde, jeltzaleek Bermeoko udal zaharren egoitzaren «egoera eutsiezina» ekarri zuten gogora: «1,2 milioi euroko defizita suposatzen du zaharren egoitzak udalarentzat. Udal zaharren egoitzak dauzkaten beste udal batzuek defizitik ez dute, alderantziz, dirua irabazten dute».
EH Bildukoen arabera, «Bermeokoa ezin daiteke alderatu fundazio batek edo enpresa pribatu batek kudeatzen dituen egoitzekin, baizik eta egoitza publikoekin, eta egoitza publikoak GUFEk kudeatzen ditu».