Spar CityLift Girona, Emakumezkoen Ligaren sailkapeneko bigarrenaren kontra 61-50 nagusitu zen atzo iluntzean Lointek Gernika Bizkaia.
Lan talde sendoa eginez, defentsan zein erasoan erakustaldia eman zuen Malosteko taldeak. Jokalariek gozatu zuten, eta zaleak gozarazi zituzten; harmailak beteta eta emozioz gainezka, partida gogoangarria izan zen atzokoa.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hasieratik sentsazio gozoa eragin zuen etxeko taldeak. Mokangok inplikatuta, eta beste batzutan baino hobeto asmatzen hasi zuen lehia, eta Llorente indartsu, eta borrokarako gogotsu. 10-9ko markagailuak partida lehiakorra izango zela iragarri zuen, eta orduan, Mario Lopezek Alonso de Armiño eta Lazaro kantxaratu zituen.
Handik gutxira Armstrong atera zen pistara. Malosteko zaleak haren debuta ikusteko gogoz zeuden, eta hark, Diez kapitainainak eta hiru bizkaitarrek Girona estu hartzea lortu zuten. Katalanak ligako erasoko joko onena dutela erakutsi dute denboraldi honetan, baina, atzo asko kostatu zitzaien gernikarren defentsa gainditzea.
12-11ko emaitzagaz amaitu zuten lehen laurdena. Lopezek boskotean aldaketak egin zituen bigarren laurdena hasteko, eta erasoko jokaldietan igarri zen aldaketa. Batik bat Garcia eta Armstrong-en hirukoekin tartea handitu zuten etxekoek (24-15), eta Gironako Peters jokalariari taldea gidatzea tokatu zitzaion.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Borroka bizia ikusi zen Malosten, eta horren adierazgarri dira Armstrong-en eta Llorenteren falta pertsonalak. Bitartean, Mario Lopez entrenatzaileak defentsa sendoa mantentzeko eskemak egiten zebilen.
31-23ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta etxeko taldeak defentsa lan bikainari eutsi zion amaiera arte. Gironako jokalariek bigarren zatian lehenengoan baino gehiago asmatu zuten saskiratzeetan, baina, etxeko taldeak haien erasoei ondo erantzuten jakin zuen.
Garaipenaren bila, Gironak bere atzaparrak erakutsi zituen, eta hiru erasoko jokaldi jarraian eginda, aldea murriztea lortu zuen (39-37), eta gero, hiru puntuko aldeagaz amaitu zuten hirugarren laurdena (42-39).
Argazkia: Txebi Arriaga.
Emozioak pil-pilean azken laurdenean sufrituko zutela bazekiten bi taldeek. Sandric oldartu, eta haren hiruko bikainak zutik jarri zituen etxeko zaleak. Talde katalaneko jokalariek etxekoak estu hartu zituzten azken jokaldietan. Esaterako, 36. minutuan 52-46ko emaitzagaz zeuden, eta azken minutuetan gogor animatu zuten zaleek.
Zapatuan, Leonen
Aste honetan bi jardunaldi dituzte Emakumezkoen Ligan, eta Gernika-Lumoko taldeak Embutidos Pajariel Bembibreren kantxa bisitatuko du zapatuan. 19:00etan hasiko da partida.