Etxeko pertsona nagusiak zaintzeko ardura duten herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburu duen Zainduz programaren ekitaldi berria aurkeztu du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Hala, mendekotasunen bat duen familiarteko zaintzaileei arreta eta laguntza eman asmoz, hainbat hitzaldi eta tailer antolatu ditu hil honetarako, Busturialdean.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidente Ana Hormaetxe eta teknikari Nerea Llantada.
Hain zuzen,
Gernika-Lumoko Kultur Etxean egingo dituzte lau hitzaldiok, hileko martitzen guztietan. Lehena martxoaren 7an egingo dute, 18:00etan, eta aurreratu dutenez, zaintza lanerako oinarrizko aholku eta pautak zeintzuk diren zehaztuko dituzte bertan. Ordu berean izango dira gainontzeko berbaldiak ere: bigarrena (Zaintzarako oinarrizko teknikak eta mobilizazioak) martxoaren 14an, hirugarrena (Autonomia pertsonala: ziurtasuna etxean eta erorketak nola saihestu) martxoaren 21ean eta azkena (Zaintzaileen zaintza emozioen bitartez –barre terapia eta erlaxazio tailerra–) martxoaren 28an.
Nerea Llantada Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikariak azaldu duenez, bigarren eta hirugarren hitzaldiek lotura izango dute beraien artean. Bestalde, jakinarazi du, lehenengo eta bigarren hitzaldietan parte hartzen dutenek
martxoaren 16an eta 23an gauzatuko duten tailerrean parte hartzeko aukera edukiko dutela. Hala ere, hitzaldietara bertaratzerik ez duenak ere tailerretan parte hartu ahalko dutela azaldu dute. Horretarako, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateagaz jarri beharko dira harremanetan (94-625 51 22). Llantadak aurreratu duenez, mendekotasuna duten pertsonen mobilizazioa landuko dute Gernika-Lumoko Kultur Etxean egingo duten tailer horretan.
Gernika-Lumok ez ezik,
Mundakak ere hartuko du Zainduz programa. Hala,
martxoaren 16an, erorketei aurre hartzeko tailerra emango dute.
Hitzaldi eta tailer horien bitartez, mendekotasuna duten pertsona horien zaintzan lana errazteko teknikak landuko dituzte, besteak beste. Zainduz-en aldetik, gainera, informazioa, aholkularitza eta laguntza psikologikoa jaso dezake herritarrak; izan ere, pertsona nagusiak zaintzeko ardura duten horien orientabidea eta laguntza emateko baliabidea da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako programa.
Herritarren aldetik, erantzun ona
Zainduz-eko
aurreko ekitaldian, herritarrek “oso ondo” erantzun zutela aipatu du Llantadak. Antolatutako
hitzaldietan, esaterako,
75 bat pertsona izan ziren, eta 39 lagunek parte hartu zuten, bestalde, zaintzaileei etxez etxe emandako prestakuntza saioetan. Laguntza taldea ere jarri zuen martxan mankomunitateak aurreko ekitaldian, eta ziurtatu dutenez, “esperientzia aberasgarria” izan zen parte hartzaileentzako. Hori dela eta, hurrengo ekitaldietan ere horrelako taldeak osatzeko asmoa erakutsi dute.
Oro har, Zainduz programaren barruan antolatzen dituzten jardueretara
emakumeak joaten badira ere,
geroz eta gizonezko gehiagok parte hartzen dutela azpimarratu du Llantadak. Gaiaren arabera, gainera, bertaratutakoen adin tartea aldatu egiten dela gaineratu du: “Oro har, adineko jendea gerturatzen da, baina geroz eta gazteagoak ere izaten dira”.
Gaur gaurkoz, lau hitzaldi eta tailer bi horiek dira Busturialderako aurreikusita dituztenak; hala ere,
herriz herri beste hainbat sortu daitezkeela esan dute Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidente Ana Hormaetxek eta teknikari Nerea Llantadak; “betiere, beharrizan eta eskaeren arabera”.