Arma lantegia zena Metal fabrika izango da, berriro, zapatuan.
Bigarren jaialdia, eta hiru talde: Storbais, Matutano eta Aker Odol.
Metal musika herritarrengana hurbiltzeko sortu zuten Metal fabrika, eta lehenengo edizioa 2016ko abenduaren 9an egin zuten. LauP4, Barbakore eta A.D. taldeak igo ziren orduan taula gainera, eta antolatzaileak gustura geratu ziren. “Barikuz egin genuen eta agian ez zen egunik onena kanpoko jendea erakartzeko. Zubia zen, gainera”. Baina helburu bat markatu zuten hasieratik, eta bete egin zuten. “Beraz, bigarren jaialdi bat antolatu behar genuela erabaki genuen. Apurka-apurka
aurrera egitea da gure asmoa, ea jende gehiagorengana heldu eta Metal fabrikara erakartzen ditugun”.
Hiru lagun daude Metal fabrikaren atzean: Eneko Bedialauneta Sevilla, Jon Learreta eta Iban Vicente Makazaga. Nork bere espektatibak dituela argitu dute, baina kualitatiboki lehen kontzertuak utzitako sentsazioekin gustura geratu zirela aitortu dute. “Kontzertuak ikustera etorri zen jendea eta taldeak eurak ere gustura geratu ziren”.
Aukerak zabaldu. Jaialdien antolatzaileek diotenez, metal musikaren eszenak ez du jende askorik mugitzen, baina publiko fidela dauka. Hala, bai
zaleei eta baita
musika taldeei ere
aukerak zabaltzea izan dute hasieratik helburu: “Eszena badago, baina taldeek ez dute aukera askorik Astra moduko areto batean jotzeko. Eszena sustatzeko modu bat da Metal fabrika, eta ezagutzera emateko”.
Norebere atseginerako antolatzen dituzte kontzertuak, baina edizio bakoitzean kalitatea mantentzea ere badute asmo. Bai abenduko saioan legez, zapatuan egingo duten Metal fabrikan ere metalaren eszenan ibilbide bat eta izena duten Euskal Herriko taldeak ekarriko dituzte Astrara. Gainera, musika estilo horrek eskaintzen duen
aniztasuna ere
bermatu gura dute antolatzaileek. “Metalaren barruan espektroa oso zabala da, eta estilo ezberdin asko jorratzen dira. Beraz, jaialdi bat antolatzerakoan aukera ezberdinak eskaintzea da gure asmoa, alternatibak eman”, diote.
Hiru talde, eta bost orduko jaialdia. Kontzertuen arteko atsedenetan ere metala entzungo da Astran, DJ Odolaren eskutik.
Aker Odol taldea (Bidasoko Hitza)
Jarraipena eman asmoz. Eta, metalaren barruan, aukeren artean, denetara zabalik daude. Kontziente dira eskualdean eta inguruan ere badaudela metala jotzen duten taldeak. Zapatukoa bigarren edizioa da, eta metal estiloa ezagutzera emateko Euskal Herriko taldengana jo dute. Hala ere, egitasmoak jarraipena izatea espero dute, eta hurrengo edizioetan baliteke Busturialdeko taldeengana jotzea. “Maiztasun konkreturik gabe, baina egitasmo honek jarraipena izatea da gure helburua. Eta aurerrantzean aukera guztietara zabalik gaude”.
Ondarroa, Markina-Xemein eta Ortuellatik heldu ziren aurreko jaialdian jo zuten taldeak. Oraingoan, Bilbo (Matutano), Ermua (Storbais) eta Hondarribia-Irun-Trintxerpe aldetik (Aker Odol) etorriko dira. Kontzertuak 21:30ean hasiko dira, eta ordubete lehenago zabalduko dituzte ateak, 20.30ean. Sarrerak 5 euro balio du, eta Astrako barran biltzen duten dirua Busturialdean irrati libre bat bultzatzera bideratuko dute.
Taldeak:
- Matutano. Grindcore estiloa lantzen duen Bilboko taldea. Villa de Bilbao sariketaren 27. edizioan finalerdietara heldu zen taldea (2015ean). Eskarmentua izateaz gain, musika ona egiten duen taldea. Matutano taldearekin ikuskizuna ziurtatuta dago, beraien kontzertuak “dibertigarriak” izaten direlako.
- Aker Odol. “Ganberrismoa”. Black metala lantzen duen taldea da. Satanismoa, akerren adarrak… presente egoten dira taldearen kontzertuetan. Satanismoa eta independentzia dute lelotzat. Hondarribia, Irun Trintxerpeko musikariekin osatutako taldea da. Informazio gehiago nahi duenarentzat, hemen Bidasoko Hitzak taldeari buruz egindako erreportajea.
- Storbais. Kartela itxi duen hirugarren taldea, Mitikoa metalaren eszenan. Eibartarrak. Hogei urte baino gehiago daramatzate metal musikaren munduan, eta, oraindik ere, 90eko hamarkadako kutsua mantentzen dute. “Nortasuna galdu ez duen taldea”, diote jaialdiaren antolatzaileek.