Ondarroan jokatuko da Euskal SUP Race Zirkuituko lehenengo proba
Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean antolatutako proba apirilaren 29an jokatuko da. Lasterketa herrikoia ere egingo daApirilaren 29an jokatuko da Ondarroan Euskal Sup Race Zirkuituko lehengo proba. Eskilantx...
Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean antolatutako proba apirilaren 29an jokatuko da. Lasterketa herrikoia ere egingo da
Apirilaren 29an jokatuko da Ondarroan Euskal Sup Race Zirkuituko lehengo proba. Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean antolatuko da proba, eta euskal zirkuiturako puntuagarria izango da. Egutegia astean eman du ezagutara EHSFek, eta guztira, sei proba jokatuko dira zirkuitu barruan. Ondarroakoaren ostean Gasteizen, Getxon, Zarautzen, Deban eta Plentzian jokatuko dira, hurrenez hurren, zirkuituko hurrengo probak.Maila horretako proba bat Ondarroan jokatuko den estreinako aldia izango da, eta Eskilantxarrikoak gogotsu daude. Zuzendaritza taldeko kideek nabarmendu dutenez, berri pozgarria da. «Proba iaztik gabiltza Ondarroan egin nahian, baina orain arte ez dugu antolatzeko aukerarik eduki».
Ondarroako probari dagokionez, ibilbidearen inguruko prestaketagaz arduratuko da Eskilantxarri. Eta aurreratu dutenez, ibilbidea zelakoa izango den prest daukate; ibilbide konbinatua izango da, eta parte hartzaileek ibaiko eta itsasoko uretan ibiltzeaz gain, hondartzetan taulak eskuan hartuta korrika egin beharko dute. «Parte hartzaileek Arrigorri hondartzatik irtengo dute, eta errekan gora Zubi Zaharreraino joan beharko dute. Zubi Zaharraren parean buelta egin, eta errekan behera itsasora irtengo dute Lekeitiorantz. Baliza bat ipinita egongo da, eta horri buelta eman ondoren, Mutrikurantz joan beharko dute. Tartean, Saturrarango hondartzan eta Arrigorri hondartzan taulak besoan hartu, eta korrika ere egin beharko dute».
Zirkuitua bi mailatan zatituta dago, eta horren arabera, bi ibilbide prestatu dituzte: bata, 12 kilometrokoa, eta, bestea, 6 kilometrokoa. Sup Elite 14” eta Sup Pro 12,6— mailakoek egingo dute ibilbide luzea, eta amateur mailakoek berriz, motza. Horrez gain, gaztetxo mailako lasterketa bat ere egingo da.
Toki egokia
Era berean, 6 kilometroko lasterketa herrikoian ere parte hartzeko aukera egongo da. «Bazkideek, herritarrek eta zirkuituan parte hartzeko aukerarik ez dutenek parte hartu ahal izango dute bertan. Izan ere, zirkuituan parte hartzeko baldintzetako bat federatuta egotea da». Ondarroan zaletasuna ere badago, eta lasterketa herrikoian parte hartze zabala espero dute. «Gero eta zaletu gehiago daude inguruan. Ondarroa, esaterako, kirol hau praktikatzeko toki egokia da. Erreka eta itsasoa bertan ditugu, eta urte osoan kirola praktikatzeko baldintza nahikoa onak egoten dira».