Liderrari atzaparrak erakusten
Lointek Gernika Bizkaiak 71-56 galdu zuen zapatuan Perfumerias Avenidaren kontra. Porrota jaso bai, baina, daukan sendotasun fisiko zein psikologikoaren beste erakustaldi bat eman zuen liderraren kantxan, eta egindako akatsatetatik ikasteko duen gaitasuna agerian utzi zuen Gernika-Lumoko taldeak.
Ideiak argi izanda, ligako defentsa onena duela erakutsi zuen beste behin, eta hasierako 25 minutuetan aurkariak baino hobeto jokatu zuen. Bigarren zatian ere, erabaki egokiak hartu zituen, eta baita jaurtiketa bikainak lortu ere, baina, eraginkortasuna falta izan zitzaion. Gainera, lehen laurdenean Carter lesionatzeak eragina izan zuen talde gernikarraren jokoan.
Partida hasi eta bi minutura 4-7ko markagailuagaz aurretik zen Lointek Gernika Bizkaia. Jokaldiak ondo burututa, eta aurkariarengan hutsegiteak eraginda, 14-18ko emaitzagaz amaitu zuten lehen laurdena. Bigarren laurdenerako zenbait aldaketa egin zituzten bi taldeen entrenatzaileek. Garciak, Asurmendik, Pinak, Alonso de Armiñok eta Mokangok osatu zuten talde gernikarraren boskotea. Horrela, akatsak zuzedu asmoz, 16-21eko markagailuagaz zeudela hutsartea eskatu zuen Mario Lopezek. Hutsartearen ostean, talde lan bikaina eginez jokatu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, baina, Avenidako Erika de Souza brasildarrak buruhausteak eragiten jarraitu zuen.
Atsedenalditik bueltan, 39-36ko markagailuagaz, hasierako 20 minutuetan erakutsitako mailari eustea zen Gernika-Lumoko taldearen erronka. Baina, liderraren kantxan hainbeste minutu jarraian maila ona mantentzea ez da erraza, eta etxeko taldeak 10-0ko partziala lortu zuen (53-41). Hala ere, Lointek Gernika Bizkaiak ez zuen etsi, eta 60-50ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera.
Azken minutuetan defentsa lan sendoa egin zuten bi taldeek, eta batik bat Avenidak orain arte bere kantxan porrotik jaso ez izanaren arrazoia agerian utzi zuen.