Gernika RTk 27-33 galdu du Independienteren kontra
Zapatuko partidan ondo hasi ziren basurdeak, eta azken minutuetan ere partida kontrolpean izan zuten, baina, talde kantabriarrek ondo aprobetxatu zituzten haien aukerak, eta sei puntuko aldeagaz nagusitzea lortu zuten.
Urbietako taldea indartsu zelairatu zen, eta defentsa lan bikainari esker, aurkaria estu hartu zuen hasierako minutuetan. Basurdeek sentsazio onekin ekin zioten lehiari, eta kolpe bati esker Pichlerrek etxeko taldea markagailuan aurretik jarri zuen.
Hurrengo minutuetan, Independienteko jokalariak markagailua berdintzeko zereginean aritu ziren, eta erdialdeko lan bikainari esker, lehen entsegua egin, eta markagailuan aurretik jarri ziren. Hala ere, etxekoen erantzuna berehala heldu zen; kantabriarren entsegutik lau minutura lortu zuten basurdeek haien lehenengo entsegua. Ondo landutako jokaldi batean, kantabriarren defentsan lekua eginez Xabier Albizuak ez zuen arazorik izan entseguagaz etxeko taldea aurretik jartzeko.
Partida irekita zegoen, eta bi taldeak garaipenaren bila zebiltzan. Hala, Juan Pablo Guido Independienteko jokalariak beste entsegu bat lortu zuen kantabriarrentzat. Basurdeek erasora joz erantzun zuten, eta orduan heldu zen Pichlerren entsegua (hark transformatu zuen).
17-12ko markagailuagaz, aldea handitzeko ahaleginean aritu ziren etxekoak. Erasoko jokaldietan egindako lanaren saria zigor kolpe bat izan zen, eta Pichlerrek transformatuta, zortzi puntuko aldea lortu zuten (20-12).
Baina, atsedenaldira heldu aurreko minutuetan kantabriarrak nagusitu ziren zelaian, eta beste entsegu bategaz, basurdeengandik puntu bakarrera amaitu zuten lehen zatia.
20-19 markagailuagaz hasi zuten bigarren zatia. Talde kantabriarrak kontrolpean hartu zuen Urbietako taldea, eta hori markagailuan islatu zuten. Independienteko jokalariak bikain aritu ziren, eta hamahiru puntuko aldea lortu zuten: 20-33.
Etxeko taldeak markagailua iraultzeko esperantza zeukan, eta horretarako burua altxatu eta gogor borrokatu zuen. Kantabriarren nagusitasunezko minutu luzeen ostean, Mateo Bast kapitainak entsegua lortu zuen, eta Pichlerren transformazioagaz, kantabriarrengandik sei puntura jarri ziren (27-33). Emozioz beteriko azken minutuetan, etxeko zaleek gogor animatu zituzten basurdeak, eta horiek entsegua egiteko zorian egon ziren, baina, ezin izan zuten lortu, eta garaipenak ihes egin zien.