Martitzenean hasi eta gaur artean, guztira 27 ertzain zeuden deituta Gernika-Lumoko epaitegian deklarazioa hartzera. Horietako 15 akusatu modura deklaratu behar izan dute, baina hiruk ezin izan dute egun hauetan deklarazioa eman. Lanasen abokatu Aitor Amutiok azaldu duenez, huts egiteak arrazoituak izan dira, eta beste egun batean deituko ditu epaileak deklaratzera. Lekuko gisa deitutako 12 ertzainek ere eman dute deklarazioa, gaur.
Amutiok zehaztu du, ertzain denek gauza bera esan eta deklarazioek bat egin dutela. “2014ko abenduaren 15ean Jone Amezaga atxilotzeko agindua zutela, Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua. Merkatu plazara joan, eta Amezaga babesten zegoen jendea harengandik indarkeria erabili gabe urrundu zutela deklaratu dute. Borrarekin kolpeka ez zirela aritu eta inguruan adineko pertsonarik ez zutela ikusi”. Hala, Amutiok esan legez, Julia Lanas kolpatu eta lurrera bota zutenik ukatu egin dute ertzainek, eta beraien aktuazioa “garbia” izan zela.
2014ko abenduan emandako prentsaurrekoan Jone Libre plataformak azaldu legez, polizia operazioaren ondorioz besoa apurtu eta hankan zauriak izan zituen orduan 94 urte zituen andreak. Hori dela eta, Ertzaintzaren kontrako
salaketa jarri zuen auzitegian. Mediku txostenak, argazkiak eta bideo bat aurkeztu zuen defentsaren abokatuak.
Martitzen, eguazten eta eguenan deklaratu duten ertzainek uko egin diote akusazioaren abokatuaren galderei erantzuteari. Falta diren hiru poliziek deklaratu ostean, erabakia haartu behako du epaileak. Instrukzioan aurrera egiteko froga gehiago eska ditzake; froga nahikoak daudela eta auziagaz aurrera egitea erabaki dezake, edo froga nahikoak daudela eta kasua artxibatzeko ere agindu dezake.