Gaur hartu diote deklarazioa Lanasi, eta hurrengo astelehenean artatuko du auzitegi medikuak
Abenduaren 16an Gernikan eman zuten prentsaurrekoa
Abenduaren 15ean Jose Amezaga atxilotzeko burututako polizia operazioan zauritu zuten Julia Lanas 94 urteko gernikarra. Oldarraldian lurrera bota zuten: besoa hautsita eta zauriak izan zituen hanketan. Hori dela eta, Ertzaintzaren kontrako salaketa jarri zuen Lanasek martxoan, eta orain bi aste erabaki zuen Gernika-Lumoko epaitegiak instrukzioa hastea. Gaur hartu diote deklarazioa 94 urteko andreari, eta auzitegi medikuak astelehenean artatuko du. Salaketa jartzerakoan ere medikuen txostenak aurkeztu zituzten, argazkiekin batera. Gainera, 2014ko abenduaren 15 hartako polizia operazioan parte hartu zuten zenbait ertzain ere zenbakiekin identifikatu dituzte, familiaren abokatuak azaldu duenez. “Ertzain horiek inputatu gisa deklaratzera deitzeko eskatu diogu epaileari”. Gainera, epaileari eskatu diote astelehen hartan Gernika-Lumoko merkatu plazan burututako operazioan parte hartu zuten polizia denen identifikazioa eska diezaiola Segurtasun sailari. Familiaren abokatuak zehaztu duenez, lesio delituengatik jarri dute salaketa epaitegian.
2014ko abenduaren 15ean Jone Amezaga errigoitiarra atxilotzeko burututako operazioaren ostean
prentsaurrekoa eman zuten Jone Libre plataformak, Amezagaren senideek eta Julia Lanas berak ere. Azken horrek agerraldian salatu zuenez, “uste barik” agertu ziren poliziak merkatu plazan, bera erosketak egiten ari zela, “kolpeka; berdin ume zein nagusi”. Horrelako momentuak gerran ere ez dituela bizi izan esan zuen, “zoroak ematen zuten”.
Operazio horretan lurrera bota zuten Lanas, eta, ondorioz, besoa apurtu eta hankak zauriak izan zituen. Han zegoen mutil batek babestu zuen Lanas, eta, esan zuenez, “beragatik izango ez balitz une honetan hilda nengoke”.