Helduentzako trikitixa txapelketa antolatu dute Markina-Xemeinen
22 urtetik gorako trikitilari eta pandero jotzaile banak osatutako bikoteek parte hartu dezakete txapelketan. Martxoaren 17ra arte eman daiteke izena. Sari handiak banatuko dituzteMarkina-Xemein trikiti doinuz jantziko da ekainaren amaieratik uztailare...
22 urtetik gorako trikitilari eta pandero jotzaile banak osatutako bikoteek parte hartu dezakete txapelketan. Martxoaren 17ra arte eman daiteke izena. Sari handiak banatuko dituzte
Markina-Xemein trikiti doinuz jantziko da ekainaren amaieratik uztailaren 8ra bitartean. Herri asko izaten dira hauspoari eta panderoari zoragarri eragiten dioten trikitilari gazteen plaza. Markina-Xemeingo Jai Batzordeak, baina, aspaldi galdutako helduen norgehiagoka biziak berreskuratu nahi izan ditu, eta Markina-Xemeingo Helduen I. Trikitixa Txapelketa antolatu du.«Jaialdi eta jardunaldietan parte hartzen dute gaur egun trikitilari helduek, baina lehiak desagertuz joan ziren», azaldu dute Markina-Xemeingo Jai Batzordekoek. Askorentzat lehiaketak plazarako bidea izaten ziren, ezagutzera emateko aukera paregabea. Hori dela eta, ekarpen txiki bat egin nahi izan dute, «trikitixa munduari bultzada emateko asmoz».
22 urtetik gora edo 2017an 22 urte bete beharko dituzte parte hartu nahi dutenek, eta trikitilari eta pandero jotzaile banak osaturiko bikotea izan beharko da.
Parte hartzaileen arabera, bi edo hiru kanporaketa jokatuko dira, eta Jai Batzordekoek aurreratu dutenez, kanporaketak auzoetako jaietan egitea dute asmoa. Finala, bestalde, uztailaren 8an jokatuko dute, Markina-Xemeingo herrigunean.
Hiru pieza
Sari handiak izango ditu txapelketak, esan dutenez, beteranoengan ere interesa eragiteko asmoz. Baina, batez ere, «giroa sortu» eta trikitixa «hizpide izatea» nahi dute.
Kanporaketetan hiru pieza jo beharko dituzte trikitilari bikoteek: trikitixa, porrusalda, rantxera, balts edo erritmo dantzagarridun kanta bat euskarazko hitzekin, eta fandangoa edo arin-arina aukeran. Finalean, ostera, lau izango dira finalistek jo beharko dituzten piezak.
Martxoaren 17ra arte edukiko dute trikitilari helduek Markina-Xemeingo txapelketan izena emateko aukera. Horretarako, 645 00 63 12 telefono zenbakira deitu edota udala@markina-xemein.eus helbide elektronikora idatzi daiteke. Izena ematean jaiotze data, herria eta telefono zenbakia ere eman beharko dituztela zehaztu dute antolatzaileek.