Gernika-Lumoko udal ordezkariek harrera egin zieten Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariei atzo iluntzean. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak taldeak Erregina Kopan egindako lana nabarmendu zuen: “Taldeak egindako lanagaz oso harro dago herria, eta zoriontzekoa da jokalari zein talde osoaren lana zein zalegoaren jarrera”.
Ligan hirugarren postuan jarraitzeko, orain arte moduan gogotsu jokatzeko eskatu zien: “Oso ondo zabiltzate, eta gure babes osoa duzue. Horrela jarraitu”.
Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak Gironara joandako zaleen babesa eskertu eta haien jarrera txalotu zuen, eredugarria izan zelako. Era berean, final erdietara iristeagatik jokalariak zoriondu zituen: “Finalean sartzea ezinezkoa izan da, baina, itzuliko gara”.
Udaletxeko balkoira atera ziren jokalariak, eta Naiara Diez kapitaina izan zen han bildutako zaleei berba egiten lehenengoa: “Talde bezala zuetaz oso harro gaude, eta Gironara joan zareten guztie eskerrik asko, eta hemen geratu zinetenen guztion animoa sentitu dugulako. Guretzat esperientzia ikaragarria izan da, eta bueltatuko gara. Hori argi izan”.
Jarraian, Izaskun Garciak ere zaleen babesa azpimarratu zuen, eta taldeak jasotako mezuengatik eskerrak eman zizkien. “Plazer bat da gauden mailan afizio hau izatea. Gironan ikusi da afiziorik onena daukagula, eta ea datorren urtean bueltatu eta zuek ere gurekin zatozten berriro”.
Jokalariek Erregina Kopara iristea izugarria izan zela gogora ekarri zuten, baina, adierazi zuten zaleak izan direla “berezi” egin dutenak, eta haiek emandako indarra eskertu zuten. Eta aurrerantzean ere Malosten giro eder hori sortzen jarraitzeko deia luzatu zieten, ligako partidetan saskibaloiagaz gozatzen segitzeko.
“Hurrunago iristea gustatuko litzaiguke, baina, bizitakoagaz oso pozik gaude. Gogor lehiatu gara, eta itzuliko gara”, esan zuen Maria Pinak. Mario Lopez taldeko entrenatzaileak ere Gironan ikusitakoa “sekulakoa” izan zela esan zien zaleei: “Itzela izan da zuek harmailetan animatzen ikustea. Bueltatzea espero dugu, baina, hurrengoan kopagaz etxera bueltatzea espero dugu, eta plaza hau beteta ikustea”.