PPk ez du onartu EAJk Gernikako bonbardaketari buruz senatuan aurkeztutako mozioa
Ganberan daukan gehiengo osoa baliatu du PPk EAJk aurkeztutako mozioa atzera botatzeko. Espainiako Senatuko Euzko Abertzaleak taldeak aurkeztu zuen mozioa goi ganberan, 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenean Espainiak izan zuen erantzukizuna onar zezala eskatuz. Senatuan EAJren bozeramalea den Jokin Bildarratzek, gainera, exekutiboak Gernikako herritarrei barkamena eskatu ziezaien ere eskatu zuen, errurik eduki gabe eragindako sufrimenduagatik.
Jokin Bildarratzek deitoratu egin du PPk atzera bota izana ganberako gainontzeko talde guztiek onartutako mozioa. “Guda zibilean alderdi guztiek esan zituzten gezurrak; espetxe eta espetxe-itsasontzien aurkako erasoak ere izan ziren, alderdi bateko eta besteko jendea fusilatu zuten, eta hori ezkutatu egin zen”, adierazi zuen Oiarzabalek. Bildarratzek, bere aldetik, gaitzetsi egin ditu popularren bozeramaile Iñaki Oiarzabalek beraien jarrera defendatzeko erabilitako hitz horiek. Era berean, senatari arabarraren jarrera ere kritikatu du Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak; “alderdiengana jo baitzuen akordio bat eta biktimentzako berba eskuzabalak soilik bilatzen zituen ekimena onartzea saihesteko”.
Bestalde, Oiarzabalek bere argudioan ETAren terrorismoa aipatzea ere ez du begi onez ikusi senatari jeltzaleak. Azken horrek jakitera eman duenez, popularrak honakoa adierazi du: “Espainiako demokrazia garaian eragindako beldurra legitimatzeko, Gernika eta horrek adierazten duena bide gisa erabiltzen duenik ere bada, legitimazioak bilatzen saiarzeko, gatazkez eta alderdiez hitz eginez”.
Azkenik, Bildarratzek gogorarazi du, oraindik ere badela egun hori bizi izan zuenik, eta, horiei eskerrak emateko beharra ikusten du, “izan duten pazientziagatik, eta Gernikaren garra bizirik mantenduz, urte horietan izan duten duintasunagatik”. Horrez gain, eskatu du egun hartan gertatutakoaren “egiazkotasunaren alde” egiteko, eta egun hartan hil zirenen zein egun hartatik bizirik atera zirenen ondoan egoteko, “inoiz ez dutelako merezitako aitorpena jaso”.