Gernikako GED-k sinadurak batuko ditu datozen egunetan
Martitzenean, Seber Altube ikastolan egon ziren sinadurak batzen, eta zapatuan Picasso kalean egongo dira goizean, eta pintxopotea baliatuko dute gaueanApirilaren 2an herri galdeketa egin asmoz, sinadurak batzen ari da Gernika-Lumoko Gure Esku Dago. Ga...
Martitzenean, Seber Altube ikastolan egon ziren sinadurak batzen, eta zapatuan Picasso kalean egongo dira goizean, eta pintxopotea baliatuko dute gauean
Apirilaren 2an herri galdeketa egin asmoz, sinadurak batzen ari da Gernika-Lumoko Gure Esku Dago. Galdeketari zilegitasuna eman asmoz, gutxienez Gernika-Lumon erroldatuta daudenen %10 babesa lortzea jarri dute helburu.Hala, martitzenean arratsaldean Seber Altube ikastolan egon ziren sinadurak batzen. Zapatuan ere sinadurak batzeko mahaiak aterako dituzte kalera. Hain zuzen, goizean Picasso kalean egongo dira, 12:30etik 14:30era. Eguraldi txarra eginez gero, Arrien taberna aurreko aterpean egongo lirateke.
Gauean, pintxopotea baliatuta, sinadurak batuko dituzte, 20:00etatik 21:30era. Herri osoaren aterkinpean egin gura dute galdeketa, apirilaren 2an. Bermeon, Mendatan, Gautegiz Arteagan, Muruetan eta Kortezubin apirilaren 2an galdeketa egiteko behar besteko babesa dute dagoeneko.
Pausoen berri, Ondarroan
Ondarroan, berriz, herri galdeketa gauzatzeko bidean eman zituzten pausoen berri eman zuten astelehenean, Debagoiena, Dima eta Goierriko Gure Esku Dago-ren herri dinamiketako kideek. Beikozini aretoan bildu ziren herritarrek, hain zuzen ere, Debagoiena eta Goierri eskualdeetako eta Dimako esperientziak ezagutu zituzten bertatik bertara. «Alde batetik, herri bakar modura herri galdeta egin zutenen esperientzia ezagutu genuen, eta bestetik, eskualde mailan egindakoen esperientzia ere bai», azaldu dute Ondarroako Gure Esku Dago-ren ordezkariek.
Larraitz Zubeldia, Lierni Olmedo, Izaskun Arregi eta Ainhoa Baraiaetxabururen eskutik beste herrietako esperientziak ezagutzeaz gain, herritarrek galdeketaren inguruan dituzten hainbat kezka argitzeko tartea ere eduki zuten. «Esan zen guztitik ideia bat azpimarratu zuten guztiek. Bereizten gaituenaren gainetik, zerk batzen gaituen begiratu behar dela».
Ondarroako ordezkariek gaineratu dutenez, asteon amaituko da sinadura bilketa kanpaina. Hala, aste barruan, Kantoipeko lokalean egongo dira sinadurak batzen, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Zapatuan eta domekan, ostera, Alamedan egongo dira sinadurak batzen, 12:00etatik 14:00etara.
Lekeition, talde argazkia
Lekeition, bestalde, hainbat esparrutako gazteak arraunekoak, boleibolekoak, triatloikoak, dantza edo musikakoak batu ziren zapatuan, herriko portuan erabakitzeko eskubideari babesa emateko, eta talde argazkia atera zuten guztiek batera. «Guk gurea erabaki nahi dugulako eta erabakiko dugulako», adierazi zuten gazteek.