140.000 bisitari hartu ditu 2016an Gernika-Lumok
Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bisitatu duten herritarren artean %4 Gernikan izan da; alegia, 3.439.462 lagunetik 140.000 hartu ditu Gernikak 2016an.
Udalaren arabera, Juntetxea, Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa izan dira herritar horiek gehien bisitatu dituzten tokiak.
Gernikan igarotako denborari dagokionez, bataz bestezko egonaldia egun erdikoa izan dela adierazi du udalak. “Turista horietatik %50,16 egun erdiz izan da Gernikan; %33,20 bi orduz eta %14,90 egun osoz”, zehaztu du udalak.
Bestalde, euskal gastronomia turismoarentzat erakargarria dela ziur da udala, eta horren adierazgarri dira turismo-datuak. Gernika-Lumo goizez bisitatu dutenen %70,03ak herriko ostalaritza ezagutu du, eta egun osoan herria ezagutu dutenen %16,90ak, aldiz, bertoko sukaldaritza ere dastatzeko aukera aprobetxatu du.
Asteko egunei erreparatuta, astelehenetan eta eguaztenetan hartu ditu Gernikak bisitari gehien; 13.690 bisitari igaro ziren astelehenetan, esaterako, Turismo Bulegotik; eguaztenetan, aldiz, 12.361 lagun.
Uztailean eta abuztuan, bestalde, bataz bestez, eguneko 449 pertsona izan ziren Turismo Bulegoan. Egunean 800 bisitari hartzera ere ailegatu zen aipatu bulegoa.
Datu horiei erreparatuta, Gernika “nazioartean jomuga ezaguna” dela uste du udalak, eta Bizkaiko eta Euskal Herriko leku bisitatuenetakoa dela deritzo.