Jaurlaritzak 2 milioi euro emango ditu Kamiñaldeko mendi hegala konpontzeko
Jaurlaritzak dio badakiela Ondarroako Udalak bakarrik nekez aurre egin ahal diela gastuei. Alkateak dio beste 8 milioi euro falta direla. Gaia lantzen ari den lantaldea bihar batuko daEusko Jaurlaritzak atzoko gobernu bilera ostean agertu zuenez, Gober...
Jaurlaritzak dio badakiela Ondarroako Udalak bakarrik nekez aurre egin ahal diela gastuei. Alkateak dio beste 8 milioi euro falta direla. Gaia lantzen ari den lantaldea bihar batuko da
Eusko Jaurlaritzak atzoko gobernu bilera ostean agertu zuenez, Gobernu Kontseiluak 2 milioi euroko diru laguntza zuzena emango dio Ondarroako Udalari Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko egiten ari diren larrialdi izaerako lanak finantzatzeko.Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko lanak premiazkoak eta interes publiko orokorrekoak direlako eta auzotarren ondarearentzako arriskua dagoelako onartu dute diru laguntza ematea. «Eusko Jaurlaritzak badaki Ondarroako Udalak bakarrik nekez egin diezaiokeela aurre lanen kostuari».
Gaineratu dutenez, Jaurlaritzak 2016an Ondarroako egoeraren larritasunagatik emandako laguntza bereziei gehitzen zaizkie atzo onartutako 2 milioi horiek: 618.000 euro kaltetutako auzotarrei ostatu emateagatik, 240.000 euro gizarte zerbitzuen arloan emandako laguntzengatik eta 60.000 euro lur jausiak kaltetutako tokiko saltokiei emandako laguntzengatik.
Laguntza horri esker, ziurtagiri bat eta beste baten zatia ordaintzeko beste diru izango dutela azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. «Jaurlaritzak Kamiñaldeko lantaldearen azaroko batzarrean eman ziguten asmo horren berri».
Itota
Albistea pozgarria baldin bada ere, lanak ordaintzeko beste 8 milioi euro falta direla gogorarazi du alkateak. Besteak beste, larrialdiko lanak ordaintzeko beste 2 milioi eurok falta egiten dute, eta horrez gain, urgentziazko lanak eta etxebizitzen konponketa ordaintzeko diru kopurua ere falta da. «Itota egoten jarraitzen dugu».
Arazoari irtenbide bat ematea helburu, Ondarroan batuko da bihar Kamiñaldeko gaia lantzen ari den lantaldea. 09:30ak inguruan kaltetutako etxebizitzak bertatik bertara ikusteko asmoa dute Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariekin batera.
Bestalde, zapatuan 11:00etan Kamiñalden batzeko deia egin du Saiñazio Mendi Azpixan gestorak, etxe, lokal eta lurretatik kanpo 11 hilabete daramatzatela gogorarazteko.