Interes handia eragin dute errefuxiatuei buruzko jardunaldiek
Asteburuan egin diren errefuxiatuei buruzko jardunaldiek interes handia eragin dute herritarrengan. Cesar Manzanosek barikuan eskainitako hitzaldiak zein domekan egon ziren Unax Blancok zuzendutako errefuxiatuei buruzko dokumentalak eta Idomenin eta Th...
Cesar Manzanos EHUko irakasle eta Saihaketako kidearen hitzaldiagaz hasi ziren Markina-Xemeingo herritar talde batek antolatutako jardunaldiak. Sistema kapitalistaren ezkutuko aurpegiak agerian utzi zituen Cesar Manzanosek: etengabeko gerra, beldurraren gizartea eta hedabideek fabrikatutako errealitatea. Horiek guztiak lotuta daudela azaldu zuen Kapitalismoaren neurrigabekeria eta beldurraren gizartea: gerra iraunkorraren merkantilismoa eta haren eragin sozialak izeneko hitzaldian.
Domekan eman zuten Errefuxiatuak: noraezean dokumentalak txalo ugari eragin zituen. Dokumentalaren nondik norakoak azaldu zituen Unax Blancok, eta egindako lana eskertu zioten ikusleek.
Greziako kanpalekuetan egoteak ikuspuntua aldatzen duela aitatu zuten Oihana eta Enara Goikoetxea ondarrutarrek, ondorengo solasaldian, eta «apurtuta» utzi zituzten bizipen batzuk ere azaldu zituzten.
Taldea
Erabat ukituta geratu zirela nabarmendu zuten, bestalde, ekitaldietako parte hartzaileek, eta entzun eta ikusitako guztiak zer pentsatu eman zietela azaldu zuten. Izan ere, dokumentalak eta boluntarioak azaldutako bizipenek errefuxiatuak pairatzen ari diren egoera latzagaz aurrez aurre jarri zuten publikoa. Era horretan, jardunaldien amaieran galdera bat geratu zen airean: «Eta hemendik, zer egin daiteke?».
Galdera horri erantzun bat emateko eta errefuxiatuen gaiari bidea ematen jarraitzeko asmoz, talde bat sortu nahi dute Markina-Xemeinen. Horretarako helbide bat edo kontaktu bat zabalduko dute. Jardunaldien baitan ere, nahi zutenek helbidea eman zuten «premia ikusiz gero, biltzeko».