Herriko taldeek Iparragirre babestea nahi dute
Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra 24 ordutan bi aldiz jipoitu dutela eta, presoaren egoeraren berri eman eta erasoak salatzeko egin beharreko mobilizazioak zehazteko herri batzarra egingo da gaur, 19:00etan, Ondarroako Kofradi...
Iparra Galdu Baik plataformako kideek nabarmendu dutenez, presoak bizi duen muturreko egoeraren aurrean jendarte guztia aktibatzeko beharra dago. «Uste dugu Iboni gertatzen zaiona ez dela bakarrik plataformaren ardura; beste maila batzuetan ere konpromiso batzuk egon beharko lirateke. Hain zuzen ere, gai honen inguruan aktibatzen hasi beharko luketen talde eta eragile gehiago daudela iruditzen zaigu».
«Egoera oso larria da»
Era berean, datozen egunotan mobilizazioak deituko dituztela azpimarratu dute plataformako kideek. «Egoera oso larria da, eta aste bukaerara begira zer edo zer egin behar dugula iruditzen zaigu».
Larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrak, zehazki, 20 orduren buruan bi eraso jasan ditu Madrilgo (Espainia) Alcala Meco espetxean. Presoaren senideak eta lagunak egoeraz oso kezkatuta daude, izan ere, erasoak hainbat aldiz errepikatu dira. «Berak telefonoz esan digunaren arabera, 11 eraso jasan ditu kartzelan dagoenetik». Azpimarratu dutenez, ez dute ulertzen Iparragirre zelan mantentzen duten kartzelan, eta hurrengo batean zerbait larriagoa gerta dakioken beldur dira. «Pertsona baten bizia dago jokoan».
Erasoei dagokienez, lehen erasoa bariku iluntzean jasan zuen, bere ziega barruan zegoela. Bigarren erasoa berriz, zapatu eguerdian gertatu zen, lagunen bisitaren ostean.
Osasuna, «gainbeheran»
Presoak herenegun etxera egindako telefono deian eman zuen bigarren erasoaren berri, hain zuzen. Lagunek 11:50ean irten zuten bisitatik, eta dakitenaren arabera, 11:50-12:00ak bitartean erasotu zuten.
Iparragirreren abokatuak, beste alde batetik, gaur Madrilera joateko asmoa dauka. «Jose Luis de Castro epaileagaz batzeko ahalegina egiteko asmoa daukala esan digu. Arratsaldean, ostera, Ibonegaz batuko da kartzelan».
Iparragirreren azkenengo odol analisien emaitzak ere kezgarriak direla nabarmendu dute. Hiru hilabeteko epean defentsak bere horretan mantendu badira ere 66 defentsa karga birala ia hirukoiztu egin dela adierazi dute. «Lehen 50.000 inguruan zuena, orain 144.000an dago».