Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, Iparragirre kalea eta Astra kulturarako fabrika soziala lotuko dituen oinezkoentzako pasabide bat eraikiko dute. Lan horiek bukatuta, ibiltariak «erraz eta segurtasunez» igarotzea bermatuko dute.
Gaur egun, alde batetik bestera igaro nahi duenak autobus geltokiaren ondoan dagoen trenbidea gurutzatu beharra dauka, eta igarobide hori da, hain zuzen, Gernika-Lumoko Udalak saihestu nahi duena. «Bekoibarrara ailegatzeko irtenbide onena eman nahi dugu, egungo nekeak eta arriskuak saihestuz».
Hala, gaur gaurkoz, planaren idazketa esleitu du udalak, eta, horretarako, 18.000 euro bideratu ditu.
Udalak aurreratu duenez, aipatu pasabidea Iparragirre kaleko 26. zenbakia (Posta bulegoaren ondoan) eta Astra eraikinaren ondoko aparkalekua bitartean eraikiko dute.
«Gernika-Lumo irisgarriagoa eta erosoagoa egiteko asmoz» eraikiko dute pasabidea, eta, era berean, «biztanleei eta bisitariei joan etorriak errazteko».
Pasabide honen aurretik, beste bat ere eraiki zuen udalak duela bi urte; hain justu, Urbieta eta Santa Ana aparkalekuaren artean. Udalaren arabera, «arrakastatsua» izan da pasabide hori.