Aurten ere, janari ugari batu du Busturialdean Besalde Elkarteak, Sahararen aldeko Euskal Karabana solidarioaren bitartez. Elkarteko arduradunak jakinarazi dutenez, aurten,
7.247 kilo batu dituzte.
Besaldekoak eta boluntarioak batutako jakiak kamioira sartzen. Argazkia: Besalde
Arroza izan da aurten, eskualdeko bizilagunek
gehien eman dutena;
2.072 kilo, hain zuzen. Iaz, atuna oliotan izan zen gehien batu zutena. Saharara bidaltzeko batu zituzten 17.014 kilo atunetik, 16.712 kilo Bermeoko Salica kontserberak emandakoak izan baitziren.
Bermeoko, Busturiko eta Mundakako denda eta hezkuntza zentro guztietan, Muxikako eta Gautegiz Arteagako eskoletan eta Gernika-Lumoko institutuan, Allende Salazarren, Seber Altuben, Barrutian, Barrutialde Institutuan eta supermerkatuetan egin dute bilketa.
Besaldetik azaldu dutenez, “
Piztu Itxaropena izeneko kanpainaren helburu nagusia herri sahararrera ahalik eta elikagai kopuru handiena eroatea da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asebetetzekotan”. Horregatik, eskualdeko bizilagunek izan duten eskuzabaltasunagaz “oso pozik” agertu dira beste behin ere, eta eskerrak eman gura dizkiete aipatu kanpainan parte hartu duten partikular, elkarte, denda, enpresa, hezkuntza zentro eta udal guztiei.
Batutako janariaz gain, herritar partikularrek emandako diru laguntza ere izan dutela jakinarazi dute: “Aportazio handiak egin dituzte eta
860 euro batu ditugu”. Diru horrekin,
janaria eta konpresak erosi dituztela azaldu dute Besaldetik.
Bestalde, XIII. Euskal Karabanarako
Bermeoko Udalak 4.000 euro ematea aurreikusita dago, hala ere, asteon onartu behar dute osoko bilkuran.
Sahararen aldeko euskal karabana
otsailaren 25an abiatuko da Donostiatik. Bildutako guztia Aljeriako kanpamenduetara eroango dute.