Beste behin ere, Gernika-Lumoko Udal gobernuak herriko kiroldegiko kuotak igo dituela salatu du EH Bilduk, eta, era berean, igoera horrek ez diela kirol arloan dauden arazoiei konpontzeko plan bati erantzuten kritikatu du.
«Gabeziak handiak dira, eta, horregatik, konponbide integral bat behar dute, ez herritarren kuotekin jartzen diren adabakiak», kritikatu du koalizio abertzaleak.
Santanape Kiroldegia, Gernika-Lumon
Egoera ekonomikoa «zaila» dela jakin arren, «plangintza falta batek» dakartzan arazoak ez dituztela herritarrek ordaindu behar deritzo. Azken bi urteetan kuotek %6,5eko igoera eduki dutela jakitera eman dute; «%2,5 2016an, eta %4 2017an».
«Leku falta»
Halaber, kiroldegiko erabiltzaileen kopuruak azken hamar urteetan gora egin duela-eta –ia 1.400 bazkide gehiago dago, egun–, instalazioek «gainezka» egin dutela adierazi dute EH Bildukoek: «Kirol patronatuak 5.500 bazkide inguru ditu, eta ez dago horinetzako guztientzako lekurik».
Santanapen, esaterako, igerilekua «gainezka» dagoela kritikatu du, eta egindako kale estutzeak ez duela arazoa konpondu gaineratu du.
Gimnasioan bertan ere, iaz jarritako makineria berriak ez duela arazoa konpondu uste du oposizioko taldeak; izan ere, «eguneko ordu askotan, beteta egoten da».
Gainera, Santanapeko frontoi eta kantxetan itoginak daudela aipatu dute, «kirolarientzako dakartzan arriskuekin».
Urbietaren egoerarengatik ere kezka agertu du Eh Bilduk; bere ustetan, hego zelaiaren egoera «tamalgarria» baita. Izan ere, euria egiten duenean putzuak sortzen direla azaldu dute. Eta bertan futbol edota rugby jokalariek entrenatzeko dutem «leku falta» ere nabarmendu dute.
Plangintza integral baten beharra
Aipatutako arazoez gain, beste hainbat ere izango direla suposatzen du koalizio abertzaleak, eta horiei irtenbide hoberena ematekotan, plangintza bat egitea «ezinbestekoa» dela ziurtatu du.
Hau da, instituzio, kirol talde eta erabiltzaileen artean egoera analisi bat egin, kirol arloko beharrizanak eta lehentasunak zeintzuk diren identifikatu eta dauden arazo guztiei irtenbide bat bilatzeko, ertaineko plan bat egitea proposatzen dute; hartara, «etorkizun hurbil batean, Gernika-Lumoko herritarrek merezi dituzten kirol instalazioak izan ditzaten».