Trokan Behera taldekoek edarto hasi dute goitibehera denboraldia. Idiazabalen lehiatu zuten denboraldiko lehen jaitsiera zapatuan, eta Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa Neumatika kategoriako iazko Euskal Ligako txapeldunak nagusitu ziren.
Denboraldiko lehen proba jokatu dute Idiazabalen. Argazkian, Trokan Behera taldeko Itai Maruri eta Andoni Martin. Argazkia: Aimar Maiz/Goierriko Hitza
Trokan Beherako kide horiek, baina, ez ziren emaitza onak lortu zituzten bakarrak izan; beste hainbat taldekide ere ondo moldatu baitziren Izalgo XVII. Goitibeherak txapelketan. Neumatika kategorian lehenengo egitea ez ezik, sailkapen orokorrean gailentzea lortu zuen bertoko bikoteak zapatuan.
Trokan Beherako Itai Maruri eta Andoni Martin gernikarrak ere kategoria berean lehiatu ziren; azken horiek, baina hamahirugarren sailkatau ziren beraien kategorian, eta hamabosgarren, aldiz, sailkapen orokorrean.
Ibai Urrutia gernikarrak, aldiz, Drift Trike kategorian parte hartu zuen, eta sailkapen orokorrean 26. egin bazuen ere, bere kategorian laugarren postua eskuratu zuen. Taldeko Aitor Aransolo eta Koldo Betanzos muxikarrek, berriz, lan bikaina egin zuten, Errodamentuetan garaipena eskuratuta –sailkapen orokorrean 32. postuan sailkatu zen–.
Bertoko gidariak, fin
Trokan Beherakoez gain ere, izan ziren bertoko beste hainbat gidari ere zapatuan Idiazabalen. Samuel Torrico mundakarra eta Aritz Larrinaga, esaterako, fin aritu ziren Neumatika kategorian; hala, laugarren egin zuten, bai beraien kategorian eta baita sailkapen orokorrean ere.
Oier Mendizabal mutrikuarra ere aritu ziren aipatu kategorian Jon Calvogaz batera, eta bosgarren egin zuten.
Denboraldiko lehen proba hori, batez ere, goitibeherak probatzeko erabili zuten. Euskal Ligan parte hartzen duten taldeek, guztira, bederatzi proba jokatuko dituzte, eta hurrengoa maiatzaren amaieran izango da Oñatin. Azkena, berriz, Eskoriatzan lehiatuko dute irailaren 23an.