Sailkapen orokorrean hirugarren, Erregina Koparako sailkatu dira Lointek Gernika Bizkaiako neskak. Asteburuan lehiatuko da Kopa (otsailaren 10etik 12ra), Gironako (Katalunia) Fontajau pabilioian. Erronka nagusiena barikuan izango dute gernikarrek, lehen final laurdena C.B. Al-Qazeres Extremaduraren aurka baitute. Ligan seigarren dauden arren, gernikarren aurka jokatutako bi partidak irabazi ditu Extremadurako taldeak.
Hala ere, azken lau partidak irabazita, gernikarrak Erregina Kopa lehiatzera «momenturik onenean helduko» dela uste du Mario Lopez entrenatzaileak: «Autoestimua altu daukagu, baina bi aldiz irabazi digun taldearen aurka jokatuko dugu lehen finalaurdena. Errespetu handia ematen digun partidua da, baina oraingoan garaipena lortzeko konfiantza badaukagu».
Taldeko kapitain Naiara Diezek esan duenez, zapatuan C.R.E.F. ¡Hola! taldearen aurkako partida garrantzitsua izan da Kopara begira. «Ez da berdin Erregina Kopara garaipen bat lortu ostean heltzea edo huts eginda. Lan ona egin genuen zapatuan, eta aldarte positiboarekin goaz».
Izaskun Garcia jokalari gernikarrak dioenez, taldeak lehenagotik zuen «arantza» kenduko dute. «Iaz Kopa jokatzeko aukera hurbil izan genuen, baina azkenean Donostiako taldea sailkatu zen. Aurten denboraldi ona egiten ari gara, eta sentsazio onekin helduko gara barikuko partidura. Ondo prestatuta joan nahi dugu», dio gernikarrak.
Ez da berdin Erregina Kopara garaipen bat lortu ostean heltzea edo huts eginda”
Diezek ere ilusioa aipatu du asteburuari begira. «Asko hazi gara talde bezala, eta, nire ustez, momenturik onenetakoan gaude Kopa jokatzeko». Talde garrantzitsua gara ligan, gure defentsa ikaragarri ona da, eta gauza horiek erakutsi behar ditugu asteburuan», aipatu du.
C.R.E.F. ¡Hola! talderaen aurka 72-46 irabazi zuten gernikarrek. Argazkia: Gernika KESB
Disfrutatzeko esperientzia. Perfumerias Avenida Salamanca, Spar Citylift Girona, Lointek Gernika Bizkaia, Lacturale Araski, Al-Qazeres Extremadura eta Star Center-Uni Ferrol. Horiek dira Erregina Koparako sailkatu diren taldeak. Gernikarrak Lehiatzeko gogotsu daudela dio Mario Lopez entrenatzaileak: «Barikuan partidu ona jokatzea da asmoa, emozioak ondo kudeatzeko gai izan eta garaipena lortu».
Esperientzia hori, baina, klubak eta herri osoak disfrutatzeko modukoa izatea gura du taldeko buruak. «Hazten jarraitzeko beste pauso bat da Erregina Kopa lehiatzea, eta esperientzia hau denek disfrutatzeko modukoa da; bai jokalariek, teknikoek, zuzendaritza taldekoek, eta, zelan ez, zaleek ere».
Barikuan partidu ona jokatzea da asmoa, emozioak ondo kudeatzeko gai izan eta garaipena lortu”
Gernikarrek hirugarren denboraldia dute Emakumezkoen Ligan, eta hurrengo asteburuko aukera gernikarrentzat «historikoa» dela dio taldeko kapitainak. «Orain lau urte bigarren mailan geunden, eta begira orain non gauden. Nire ustez, momentu honetan talderik onena dugu Erregina Kopa jokatzeko eta joko ona erakusteko».
Garciak Kopa eta Liga irabaztea du helburu: «Gauzak ondo eginez gero, aurten dena ikusten dut posible».
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.