Hezeguneak ezagutzeko jarduerak antolatu dituzte Urdaibaiko erreserban ere
Hezeguneen Mundu mailako Egunaren harira, irteerak, bisitak, tailerrak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte Ekoetxea Urdaibaik eta Urdaibai Bird Centerrek datozen egunetarakoHezeguneen Mundu mailako Eguna izan zen atzokoa, eta, egun hori baliatu...
Hezeguneen Mundu mailako Egunaren harira, irteerak, bisitak, tailerrak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte Ekoetxea Urdaibaik eta Urdaibai Bird Centerrek datozen egunetarako
Hezeguneen Mundu mailako Eguna izan zen atzokoa, eta, egun hori baliatuta, astebururako egitarau zabala antolatu du Ekoetxea Urdaibaik. Zapatu-domekan, hainbat jarduera eta txango egiteko aukera izango dute herritarrek. Arkaraiko hezegunea, Oka ibaiaren goi estuarioa, Urdaibaiko padurak eta Kanalako polderra bisitatu ahal izango dira astebururan, besteak beste.Euskal Herriko hezeguneetatik, Gorbeako esfagnalek ekosistema bezala eskaintzen dituzten balioak ezagutzeko irteera prestatu dute zapaturako, Ekoetxea Txingudi eta Atariagaz elkarlanean. Halaber, egun berean, Oka ibaiaren goi estuarioan zehar ibilidea egiteko aukera ere emango dute. Arratsaldean, anfibioei eta hezeguneei buruzko hitzaldia emango dute, Madariaga dorretxean.
Domekarako antolatu dituzten ekintzek ere hezeguneak izango dituzte oinarri. Urdaibaiko padurara eta Euskadiko Biodibertsitate Zentrora bisita gidatua da eskainiko duten ekintzetako bat. Kanalako polderra eta bere funtzio eta erabilerak ezagutzeko ibilbidea ere egingo dute.
Gura duenak itsasora ateratzeko aukera ere izango du. Urdaibai estuarioko ingurune naturala eta bere biodibertsitatea erakustea izango du helburu irteera horrek.
Hegaztiak behatu
Domeka arratsaldean, berriz, 6 urtetik gorakoentzako tailerra emango dute Busturiko Madariaga dorretxean. Gure hezegunea zaintzen izenburupean, Ekoetxea Urdaibai zentroko hezegunea aberastea izango du helburu tailerrak.
Hezeguneen Mundu mailako Eguna Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek ere kontuan izaten duen eguna da.
Domekan, otsailaren 5ean, ate irekien eguna izango da Gautegiz Arteagako zentro horretan. Hurrengo eguenean, otsailaren 9an, 19:00etan hasita, konferentzia bat emango du Javier Franco San Sebastianek, Itsas zaborrak: itsasoen kudeaketarako erronka globala izenburupean; gazteleraz izango da.