Zapatuan jokatuko dute Izalgo XVII. Goitibeherak txapelketa. 14:30ean hasiko da entrenamenduen kanporaketa txanda; ordu bete beranduago izango da lehen kanporaketa txanda ofiziala, eta bigarrena 16:30ean hasiko da.
Neumatika kategorian egongo dira parte hartzaile gehien (20 goitibehera). Drift Trike-an 17 goitibehera ariko dira, Arinak kategorian bederatzi pilotuk izena eman dute, eta Errodamentuetan hiru goitibehera egongo dira.
Hasi aurretik egiaztapen teknikoak eta administratiboak egin beharko dituzte partaideek (12:00). Halaber, 14:10ean berifikazioa eta kontrolaren itxiera izango dira, eta bost bat minutu beranduago aurkeztuko dute onartuen zerrenda.
Trokan Behera taldeko kideek
hiru kategoriatan parte hartuko dute. Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa Neumatika kategoriako iazko Euskal Ligako txapeldunak aurten ere modalitate berdinean ariko dira. Itai Maruri eta Andoni Martin gernikarrak, ostera, lehenengoz lehiatuko dira kategoria horretan.
Bestalde, Ibai Urrutia gernikarrak Drift Trike kategorian parte hartuko du, eta Aitor Aransolo eta Koldo Betanzos muxikarrak, berriz, Errodamentuetan ariko dira lehian.
Denboraldiko lehen hitzordua batik bat goitibeherak probatzeko dela azaldu dute Trokan Behera taldeko kideek: “Aurreko denboralditik hona goitibeheretan egindako aldaketak egokiak izan diren edo ez frogatzeko momentua da”.
Halaber, goitibeherek araudia betetzen duten edo ez aztertuko dute Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioko ordezkariek.
Euskal Ligan parte hartzen duten taldeek bederatzi proba jokatuko dituzte. Hurrengoa maiatzaren amaieran izango da Oñatin, eta azkena Eskoriatzan lehiatuko dute irailaren 23an.
Probak:
- Idiazabal (Gipuzkoa). Otsailak 4
- Oñati (Gipuzkoa). Maiatzak 28
- Bergara (Gipuzkoa). Ekainak 6
- Alegia (Gipuzkoa). Uztailak 15
- Sodupe (Bizkaia). Abuztuak 12
- Donostia (Gipuzkoa). Abuztuak 13
- Gernika-Lumo (Bizkaia). Abuztuak 15
- Trapagaran (Bizkaia). Irailak 3
- Eskoriatza (Gipuzkoa). Irailak 23