Ibarruriko lasterketa izango da txapelketaren lehen proba. Martxoan hasi eta urrira arte
zazpi proba lehiatuko dituzte.
Aurtengo lehian
bi proba berri daude: Eako Txipiroi eta Gorozikako mendi martxa eta lasterketa.
Aurrekoetan moduan, oraingoan ere txapelketa osatzen duten proba guztietan lasterketagaz batera, martxa luzea zein laburra egiteko aukera eskainiko dute. Herri batzuetan BTT martxa ere egingo dute.
Ligako sailkapen orokorrean parte hartu nahi dutenek zazpi probetatik gutxienez bost burutu behar dituzte. Halaber, proba bakoitzak bere sailkapena izango du.
18 urtetik gorakoek parte hartu dezakete, eta 16 eta 18 urte bitartekoen kasuan, inskripzioa egiteaz gain guraso edo tutore baimena beharrezkoa da. Horretarako antolatzaileek lasterketa egunean bertan emango diete bete behar duten orria.
Mendi lasterketen afizioa
Arrolape Mendi Taldeko kideek laugarren urtez prestatu dute kopa, eta urtetik urtera jende berria ikustea pozgarria dela nabarmendu dute. “Oso pozik gaude. Hasi ginenean ez genuen pentsatuko hainbeste lortuko genuenik. Gero eta neska gehiagok parte hartzen dute lasterketetan, eta baita guraso askok haien seme-alabekin ere”.
Mendi lasterketen afizioa gero eta gehiago zabaltzea lortu dute, eta probetan sortzen den giroagaz pozik daude. “Naturaltasunez jokatzen dugu. Honen atzean lan asko dago, eta jendea horretaz konturatu, eta gure lana txalotzen dutela ikustea pozgarria da”.
Era berean, babesleen lana eskertu dute antolatzaileek: “Hirugarren urtez Campos-en laguntza izango dugu, eta eskertzekoa da; sariekaz eta janariagaz asko laguntzen gaitu”.
Antolaketa lana zein probak hobetzeko parte hartzaileen iritziak eta proposamenak kontuan hartzen dituzte.
Urdaibai kopari buruzko informazio dena
urdaibaikopa.eus atarian dago. Besteak beste, ligaren informazioa orokorra, proba bakoitzari buruzko azalpenak, izen ematea eta araudia daude.
Urdaibai Koparen egutegia:
- MARTXOAK 12. Ibarruri (Muxika)
- APIRILAK 9. Ereño
- MAITZAK 14. Gernika-Lumo (Mendi Jaia)
- UZTAILAK 8. Ea (Txipiroi)
- IRAILAK 10. Gautegiz-Arteaga
- IRAILAK 24. Forua
- URRIAK 15. Gorozika (Muxika)