Itsasoratze Artibista programa amaitutzat eman dute Gernika Gogoratuzek, Gernikako Bakearen Museoak eta Donostia 2016 Fundazioak,
Itsasoratze artibista: arterapia eta artibismoa liburuaren aurkezpenagaz. Hain zuzen, gaur goizean aurkeztu dute aipatu erakundeetako ordezkariek.
Programa 2015eko urrian jarri zuten martxan, eta
hainbat hiletan, hamaika lan egin dituzte. Joan den abenduan, esaterako,
Itsasoratze artibista erakusketa inauguratu zuten – martxoaren amaierara arte ikusgai dagoena, Bakearen Museoan– Halaber,
Zapalduaren antzerkia: Kulturak eta feminismoa izeneko jarduera, Nazioarteko Arpilleren Foruma eta beste erakusketa bat ere antolatu izan dituzte, beste hainbat ekimenegaz batera. Ekintzak ez ezik, eszenarioak ere hamaikatxo izan dira: Donostia, Bilbo, Irun, Gasteiz, Gernika-Lumo edota Busturia, esaterako.
Programaren sustatzaileek azaldu dutenez,
liburu horrek Itsasoreatze artibista ekimena lideratu zuten mugimendu sozial eta aktibisten lan ildoak biltzen ditu; hala nola, Nazioarteko Arpilleren Forum-ari, Kolonbiako Ruta Pacifica de las Mujeres proposamen politiko feministari edota Jennifer Millerri buruzko testuak.
“Lan zaila eta nekagarria” izan bada ere, horri esker asko ikasi dutela aitortu du ekimena gauzatu duen lan taldeak: “Denboraren poderioz, ikusiko dugu zenbat irakatsi digun honek, zenbat sendotu gaituen honek”, adierazi du Alex Carrascosak. Hala, liburuak bere fruituak emango dituela ere gaineratu du: “oraindik goiz da etorkizunean emango dituen fruituak zeintzuk izango diren zehazteko, baina
ondorioak ekarri egingo ditu“.
“Era berean, deskubritu dugu artista izan ala ez, guztiok barruan daukagun artista, barruan daukagun sortzailea; sortzaile kreatiboa ez ezik, baita soziala ere”. Hala, hori dela artibismoa azaldu du, eta hori indarrean eta balorean jarri dutela azpimarratu du.
Liburuak 350 orrialde ditu eta
euskaraz eta gazteleraz idatzita dago; hala ere, badira ingelesez zein frantsesez idatzitako zenbait atal ere. Liburua
Gernikako Bakearen Museoko dendan eros daiteke, 28 euroren truke. Bestalde,
bertsio elektronikoa doan deskargatzeko aukera ere badago,
www.bakearenmuseoa.org zein
www.gernikagogoratuz.org webguneetan.
Gaur egungo premia sozialei artearen bidez ekiteko ikerketa, partaidetza eta erakusketa prozesu bat da
Itsasoratze Artibista. Hala, ekimen ezberdinen bitartez, gaur gure gizarteak dituen erronka zibil, sozial eta ingurugiroarekikoak lantzen ditu, bertoko zein nazioarteko mugimenduez lagunduta.
Liburua Itsasoratze Artibista programaren baitako azken ekimena izan bada ere,
aurrera begira ere, arte eta bakearen esparruan lan egiten jarraituko dutela nabarmendu du Gernika Gogoratuzeko Maria Oiangurenek. Urrian, esaterako, Artea eta bakearen VII. Nazioarteko topaketak antolatuko dituztela gogorarazi du; “beste behin ere, bakearekiko arteak egiten duen ekarpena ikusteko, aztertzeko eta ikasteko aukera izango dugu”, aipatu du.