Bertso saio historikoa, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean
Koadro baten barruan zegoen Markinaldeko Merindadeko batzar bat irudikatu zuten txapelketan parte hartu zuten zortzi bertsolariek. Giro eta bertso onez bete-bete egin zen gaztetxeaAurten ere arrakasta handia izan du Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxek...
Koadro baten barruan zegoen Markinaldeko Merindadeko batzar bat irudikatu zuten txapelketan parte hartu zuten zortzi bertsolariek. Giro eta bertso onez bete-bete egin zen gaztetxea
Aurten ere arrakasta handia izan du Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxeko Bertso Txapelketak. Sarrera guztiak agortuta, gehiagoren eske joan zenik ere egon zen. Bederatzigarren txapelketak bertso onez eta publikoz bete du gaztetxea.Afaria eskaini zuen lehenengo Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak, eta ostean hasi zen bertso saioa Bernardo Atxagarairen hitzaldiagaz. Markinaldeko Merindadeko historian garrantzi handia zuen koadro bat aurkitu zutela iragarri, eta koadro horri bizia eman zioten gaztetxean bildutako guztiek Merindadeko batzar haren testigu izateko.
Historiako atal bati lotutako gaiak kantatu behar izan zituzten koadroaren parte izan ziren zortzi bertsolariek. Bi bertsolarik hartu zuten Merindadeko ordezkaritza bakoitza: Marquiñako baserritarren ordezkariak Nerea Ibarzabal eta Nahia Ibarzabal izan ziren, Jemeingo jaun onac Joseba Sololuze eta Lander San Martin, Marquiñaco merkatariac Iratxe Ibarra eta Josune Aramendi eta Etxebarriaco kondeac Joseba Artza eta Lander Ibarluzea Aitxulua. Sagastigureneko harrietan jarrita, bertsolari bakoitzak bere egitekoa defendatu zuen, Graxi Arregi eskribauak jartzen zizkien gaiak josiz.
Bertsolariez gain, historia azaltzen joateko esketxak ere tartekatu zituzten saioan. Oro har, jolas askoko saioa izan zen, publikoak ekitaldian parte hartu eta gozatzeko aukera eduki zuen.
Helburuak beteta
Bikote guztiek maila handia erakutsi zuten, baina, azkenean, Marquiñaco merkatariac eta Marquiñako baserritarrak ailegatu ziren buruz burukora, eta merkatarientzat izan zen garaipena.
Akerbeltz gaztetxeko Bertso Txapelketa erreferentziazko saio bihurtu da, bai publikoarentzat zein bertsolarientzat ere. Azken urteetan kantatu ez duten bertsolariak itzuli eta berriak ere batu dituzte bederatzigarren saioan; Nahia Ibarzabalentzat bere lehen plaza izan da, esate baterako. Hori dela eta, txapelketaren helburua bete dutela azpimarratu dute gazte asanbladakoek. «Txapelketa inguruetako bertsolarientzako plaza izatea nahi genuen, eta helburua bete dugu guztiz».
Publikoari ere esker ona erakutsi nahi izan diote. «Txapelketan jai giroa izaten da nagusi, publikoak bertsolariak animatzen ditu, baina, aldi berean, bertsolarien lana errespetatzen da, eta isiltasun osoa mantentzen dakite hala behar denean».