Bizkaiko Pala Txapelketa irabazi dute Leako eta Akarregi taldeetako palistek
Lea Ibarra Motrollo taldeak lehen mailako txapelak eskuratu ditu Barakaldon. Etxean eskuratu dute bigarren mailako garaipena Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteko palistek26. Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketako lehen mailako txapelak jantzi zituzten joa...
Lea Ibarra Motrollo taldeak lehen mailako txapelak eskuratu ditu Barakaldon. Etxean eskuratu dute bigarren mailako garaipena Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteko palistek
26. Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketako lehen mailako txapelak jantzi zituzten joan den barikuan, Barakaldon, Lea A taldeko Jon Arriagak eta Gurutz Arriagak.Zornotzako Betiko A taldeko bikotea baino hobeto aritu ziren Lea Ibarra Motrolloko Pilota Elkarteko palistak. «Uste baino errazago», azpimarratu du Unai Iglesias taldearen entrenatzaileak. Lea A izenpean jokatu zuten Jon eta Gurutz Arriagak 25 eta 10 irabazi zieten Zornotzako Betiko A taldeko Eñaut Berasaluzek eta Mikel Artarazek osatutako bikoteari, txapelak Lea Ibarrera ekarriz.
Bizkaiko Txapelketaren beste final biak, berriz, Lekeitioko Santi Brouard frontoian erabaki ziren zapatu arratsaldean. Leako palistak hirugarren mailako azpitxapeldun geratu ziren oraingoan. Joko Alai taldeko Peio Larrakoetxeak eta Asier Intxaurragak 25 eta 18 irabazi zieten Leako Liher Arrizabalaga eta Iban Zabalari. Partida oso gogorra izan zela nabarmendu du Leako entrenatzaileak. Hala ere, Amorotoko gazte biek maila ona erakutsi zuten, eta etorkizun handiko palistak direla azpimarratu du Iglesiasek. «Gazteak izan arren, oso ondo dabiltza».
Lekeitioko Akarregi taldeak, bestalde, ez zuen bigarren mailako garaipena ihes egiten utzi. Etxean jokatzea ere aldeko zuten Akarregikoek, eta beste behin ere, dena ematera atera ziren kantxara. Zierbanako Igor Tajadak eta Iñaki Landaluzek ere ez zieten partida erraz jarri. Horrela, 17 tantora ere berdindu zuten bikoteek, baina tanto horretan hartu zuten aurrea Akarregikoek, eta 25 eta 22 emaitzagaz, bigarren mailako garaileak izan dira Akarregiko Lander Gogenola eta Iker Lopez.