Arteagan, Kortezubin, Bermeon eta Muruetan ere galdeketa egingo dute
Herri galdeketari begirako aurkezpena egin du GED-k Kortezubin, Muruetan eta Ibarrangelun. Herritarren sinadurak batzen aritu dira Gautegiz Arteagan eta Gernika-LumonBusturialdeko beste hainbat herriri gehitu zaizkie Bermeo, Gautegiz Arteaga, Kortezubi...
Herri galdeketari begirako aurkezpena egin du GED-k Kortezubin, Muruetan eta Ibarrangelun. Herritarren sinadurak batzen aritu dira Gautegiz Arteagan eta Gernika-Lumon
Busturialdeko beste hainbat herriri gehitu zaizkie Bermeo, Gautegiz Arteaga, Kortezubi eta Murueta apirilaren 2an herri galdeketa egiteko.Domeka goizean egin zuten aurkezpena Kortezubiko herriko plazan, eta 120 herritar inguru bildu ziren bertan, Gure Esku Dago herri plataformaren deialdiagaz bat eginez. Herri galdeketa egitea nahi duten galdetu zieten, eta kortezubitarrek baiezkoa erantzun zuten aho batez. Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, jai giroan egin zuten domekako ekitaldia. Talde argazkia atera ostean, jan-edana eduki zuten, trikitilarien laguntzagaz.
Dagoeneko erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa egiteko behar besteko babesa badu Kortezubik; domekan bertan bakarrik, 80 herritarren sinadurak bildu baitzituzten ekimenaren bultzatzaileek.
Muruetan ere egin zuen ekitaldia egun horretan GED-k, eta herriko plazan 55 bat lagun elkartzea lortu zuen. Domekan bertan hasi zuten sinadura bilketa, herri galdeketarako babesa jasotzeko. Gutxieneko babesa lortu duten arren, «galdeketa ahalik-eta emaitza hoberenagaz burutzeko lanean jarrituko» dutela azaldu du Muruetako GED-k.
Gernika-Lumon, bestalde, sinadurak batzen aritu ziren domeka goizean Pasealekuan, Etxera Trail lasteketara joan ziren parte hartzaileen artean. Eta Gautegiz Arteagan ere lan berean jardun zuten domekan eta joan den eguenean ere. Azken herri horretan ere, dagoeneko badituzte galdeketa egin ahal izateko beharrezkoak diren sinadurak; hala eta ere, aurrerantzean, sinadurak egun gehiagotan jasoko dituztela aurreratu dute Gautegiz Arteagako GED-koek.
Parte hartzeko deia
Ibarrangelun ere zapatuan bildu ziren udaletxe aurrean herritarrak, Gure Esku Dago ekimenak deituta; guztira, 70 bat lagun. Batzorde plurala eratu dute, elkarregaz bidea egiteko. 2017. urtean Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde egingo diren ekimen eta galdeketei babesa eman, eta herrian ere bidea egiteko sortu dute batzordea. Hala, Ibarrangelun egingo dituzten ekimenetan ere parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Diotenez, Ibarrangelun, aurrera begira jasotzen duten parte hartze eta babes horrek adieraziko du erabakitzeko egunerako bidea egiterik eta indar nahikorik daukaten.
Bermeon, aldiz, galdeketa egitea posible izango dutela jakinarazi du Gure Esku Dago ekimenak. Izan ere, galdeketarako beharrezkoak zituzten sinadurak bildu dituzte dagoeneko.
Natxituan (Ea), bestalde, Gure Esku Dago-ren kantaren entsegua egingo dute Santa Ageda egunean, otsailaren 5ean, eguerdian, plazan.