Laurogei parte hartzaileen artean
saritua izan da
Muxikako Urune hotela, 2017ko
FITUR azokan. Madrilen (Espainia) egiten den Turismo azokaren baitan, hirugarrenez eman dituzte
Re Think Hotel sariak.
Urune hoteleko zuzendari Aurkene Redondoren esanetan,
urte askoko lanaren aitorpena izan da jaso berri duten saria, eta ondo etorria izan dela gaineratu du. Laurogei hautagairen artean beraien hotela saritu izana pozteko modukoa dela esan du, eta ezagutzera emateko balioko diela aitortza horrek.
11 urte bete ditu Muxikako Urune hotelak, eta zabaldu zutenetik balore berberei eutsi dietela azaldu du Redondok: «1780. urteko etxea da, eta alde arkitektonikoa zaindu izan dugu betidanik, hemengo ereduari eutsiz. Era berean, alde energetikoa ere asko zaintzen dugu, ingurumenarekiko errespetua erakutsiz». Horrez gain, Urdaibaiko eta Busturialdeko produktuak bultzatzeko ahalegin berezia egiten dutela nabarmendu du Redondok, horri garrantzia ematen diotela azpimarratuz.
Urdaibaiko eta Busturialdeko produktuak bultzatzeko ere ahalegin berezia egiten du Urune hotelak
Konpromisoak. Hotel kate handiekin batera lehiatu da Urune Re Think Hotel sariketan. Negozioa zaintzeko, gainera, kate handiek baino esfortzu handiagoa egin behar izaten dutela nabarmendu du Uruneko zuzendariak.
Iraunkortasunaren aldeko apustua egiteaz gain, pertsonen eta hizkuntzaren aldeko apustua ere egiten du Urunek. Redondok azaldu legez, lan talde txikia da beraiena, baina garrantzia handia ematen diote pertsonen arteko berdintasunari eta baita euskarari ere. «Ez dugu proiektu hau beste modu batera ulertzen», zehaztu du Redondok.
Madrileko Turismo azokan jaso duten saria honorifikoa izan da, baina mundu zabalean ezagutzera emateko baliogarria izango dela dio hoteleko zuzendariak.
Sariketaren epaimahaia turismo eta eraikuntza arloko profesionalek osatu dute. Saria ematerako orduan, Nazio Batuek garapen iraunkorrerako zehaztuta hamazazpi helburuak izan dituzte kontuan.
“Iraunkortasunaren aldeko apustua egiteaz gain, pertsonen eta hizkuntzaren aldeko apustua ere egiten du Urunek”
Merkatuan bere lekua. Urune hoteleko zuzendariaren hitzetan, arkitektura eta iraunkortasuna bermatzeko praktikak betidanik zaindu izan ditu Muxikako hotelak.
Biosfera Erreserban kokatutako hotela da, txikia, 12 logela dituena. Turismoaren eskaintza zabalean, Urunek eskaintzen duenak ere merkatuan lekua baduela argi du Redondok. «Eskaintza ezberdinak daude, eta jendeak bere aukera egiten du». Redondok dio Urunera doazen bezeroek jakin badakitela nora doazen: «Frantzia, Holanda eta Belgika inguretako bezero asko izaten ditugu», zehaztu du.