Zapatuan egingo dute Bekoportalaren etorkizuna zehazteko tailerra
Tailerrean parte hartu gura dutenek 11:00etan egon beharko dute Gizarte eta Kultura Etxean. Herriko gune ezberdinetan galdetegi bat zabaldu dute, sarean ere aurki daitekeenaHurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna zehazteko B...
Tailerrean parte hartu gura dutenek 11:00etan egon beharko dute Gizarte eta Kultura Etxean. Herriko gune ezberdinetan galdetegi bat zabaldu dute, sarean ere aurki daitekeena
Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna zehazteko Bekoportala izeneko parte-hartze prozesuaren baitan, tailer dinamiko bat antolatu dute zapaturako. Gizarte eta Kultura Etxean izango da, 11:00etan.Zapatuko tailer horretan herritarren proposamenak jasoko dituzte, eta Bekoportalaren erabilerak adostuko dituzte, besteak beste. Horren ostean, txosten bat osatuko dute, Bermeoko Udalak hurrengo pausoak eman ahal izateko.
Era berean, parte-hartze prozesuaren baitan, galdeketa orri batzuk ere zabaldu dituzte. Kutxa laranja batzuetan jarri dituztela azaldu du Bermeoko Udalak, eta honako lekuetan aurki daitezke: Gizarte eta Kultura Etxean, udal liburutegian eta Araneko kiroldegian. Galdetegia sarean ere aurki daiteke, Bermeoko Udalaren webgunean.
Galdetegiaren bitartez, Alde Zaharreko, eta, zehazki, gune horretako beharrak identifikatu gura dituzte; eta, horiek ezagutu ostean, orube eta lokal hori zertara bideratu daitezkeen aztertuko dute herritarrekin batera. «Ondoren, proiektua egin eta lanak martxan jarriko ditugu, erabaki den erabilerari egokituz», esan du Irune Ormaetxea Hirigintza zinegotziak.
Ormaetxeak herritarrak gonbidatu ditu tailerrean parte hartzera eta galdetegia betetzera ere, «denen artean Bekoportalaren etorkizuna definitzeko eta gunea berpizteko».