Moulins-Yzeure (Frantzia) kartzelan dauden preso politikoek Sara Majarenas eta Izar bere alabarekiko
elkartasuna adierazi eta haien kontrako erasoa eta bizi duten egoera salatu dute. Publiko egin duten gutun baten bitartez, bihar,
hilaren 20an, gose greba egingo dutela iragarri dute Aitzol Iriondo donostiarrak, Iurdan Martitegi durangarrak eta Jabi Abaunza gernikarrak. Hiru presoek Majarenasen
“berehalako askatasuna” exijitzeko egingo dute gose greba.
Majarenas eta alabaren kontrako
eraso matxistak kolektibo osoa ere kolpatu duela diote hiru preso politikoek gutunean. Hain zuzen, Sararen eta Izarren gorputzean hiru zapalketa gurutzatu direla diote: “Lehenik, Euskal Herriaren zapalketak eragin zuen Sararen engaiamendua askatasunaren alde eta Euskal Herriaren kontrako errepresioak dauka oraindik ere bahitua eta deserriratua. Bigarrena kartzela sistema berarena, emakumea bereziki modu bikoitzean kolpatzen duena egunerokoan, berriki Usurbilen gure kide izandako emakumeek ederki adierazi diguten bezala. Eta hirugarrena, patriarkatuarena, oraingoan modurik bortitzenean kolpatu duena gure burkidea eta bere alaba eta beraz, Euskal Preso Politikoen kolektibo osoa”.
Gertatutakoaren erantzule egin dute Espainiako Gobernua, eta bere legedi propioa beteko balu Majarenas eta alaba etxean leudekela gogorarazi dute,
zigorraren 3/4 beteta.
Ospitalean egoteko eskaria. Majarenasek 2018ko apirilean beteko du zigorra; baina bere alabak kartzela utzi beharko du aurten, hiru urte betetzean. Hala, momentu honetan Majarenasen nahia da alabaren ondoan egotea bera aske utzi arte. Preso donostiarraren abokatuak, gainera,
Majarenas alabarekin ospitalean egoteko baimena eskatzeko izapideak aurkeztu ditu. Bitartean, Majarenasen amak du ilobarekin egoteko baimena. Bai EH Bilduk, eta baita Aralarrek ere, Majarenas aske uzteko eskatu dute. Donostiako alkate Eneko Goiak (EAJ), aldiz, preso donostiarra Martutenera lekualdatzeko eskatu du, “arrazoi humanitarioengatik”. Ez du diskurso bera izan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka bermeotarrak. Haren iritziz, EAEko gobernuari ez dagokio ezer egitea; «hemendik kanpo gertatutako egitateak dira, eta tokian tokiko agintarien ardura da», esan du.
Elkarretaratzea Donostian (Irutxuloko Hitza)
Igande goizean gertatu zen hilketa saiakera. Haurraren aitak aitortu zuen berak eraso ziola umeari, labankadaz, Benifaio (Valentzia, Herrialde Katalanak) herriko etxebizitza batean. Majarenas euskal presoarekin bizi da haurra, Picassenteko espetxean, baina asteburuan hura ateratzeko baimen bat baliatu zuen aitak eraso egiteko. Etxerat elkarteak azaldu zuen banatze prozesuan daudela Majarenas eta haren bikotekide ohia, eta euskal presoaren aurkako «mendekua» izan zela haurra hiltzeko saiakera.