Aurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu Bermeoko harakinak Mungiatik; San Antontxu jaietako XXI. Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketan Bermeoko hiru harategi saritu dituzte. Epaimahaiaren arabera,
Landabaso harategiarenak izan dira
barazkiz egindako buzkentzik gozoenak.
Bigarren saria jaso du, berriz,
Jeronimo harategiak. Txorizo gozoak ere egiten dira Bermeon,
Barturen harategiak jaso baitu
txorizo txapelketako bigarren saria.
Landabasoko harategiko Iñigo Gil txapelagaz
Esperientziadunak dira Landabaso harategiko Gil anaiak.
Gurasoengandik jaso dute buzkentzak egiteko errezeta, eta modu berberean egiten jarraitzen dutela diote. Bigarren urtez jarraian jaso dute barazkiz egindako buzkentzik onenaren saria. Hala ere, sari asko dituzte, eta denek poztasuna ematen dutela diote: “Harrotasunez betetzen gaituzte”, dio Iñigo Gilek. Hala, hiru txapel dituzte arrozez egindako buzkentzengatik, eta beste hiru, barazkiz egindakoengatik. Sariek, gainera, asko laguntzen dutela azaltzen du. Sekretua, mimoa dela aipatu du. Era berean, buzkentzek lan handia ematen dutela gogorarazi du, “Ordu asko, usaina… gu, baina, ohituta gaude”.
Jeronimo Mateos diplomagaz
Jeronimo Mateos harakina ere, “pozik” dago gaur harategian. Jeronimo harategiaren buzkentzak ere oso ezagunak dira, sari ugari jaso baitituzte. Aurten, barazkiz egindako buzkentzen kategorian, bigarren saria jaso du Mungian. “Egiten ditudan buzkentzak onak direla erakusten du sariak, eta urtero urtero, mantendu egiten naiz”, dio Mateosek. Hainbat urtez jarraian Bermeoko San Martin jaietako buzkentz txapelketako irabazle izan ostean, iaz ez zuen saririk jaso. Bermeoko harakinak dioenez, “ez dakit zer gertatu zen”. Hala ere, “ekinean eta gogotsu” lanean jarraituko duela gaineratu du: “Betiko moduan jarraituko dut, ondo prestatzen eta ondo egiten. Garrantzitsuena, jendea nire produktuarekin pozik egotea da”.
Joseba Barturen diplomagaz
Barturen harategiko arduradun Joseba Barturenek ere “pozik” jaso du sanantontxuetako txorizo txapelketako bigarren saria. Txorizoengatik sariak jasotzen dituzten hirugarren aldia dela dio, eta buzkentzengatik ere badituzte hainbat sari. Sariak lana “aitortzeko” modu bat direla uste du, hala ere, “azkenean bezeroa da lan hori aitortu behar duena”. Bestalde, Barturen harategiko produktuek “sekreturik ez” dutela dio: “Bertoko txerriak erabiltzen ditugu beti, bertoko barazkiak eta bertoko txorizeroa, besterik ez dago. Bertokoa erabilita, bertoko produktua balioan jartzeko ahaleginak egiten ditugu. Genero ona erabiltzeak produktu ona dakar”.
Mungiako San Antontxu jaietako Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketak, beste behin ere, “Bermeon kalitatea dagoela” erakutsi dutela diote hiru harategietako arduradunek, “arraina baino gehiago dagoela erakusten dugu”.