'Gernikako Skuten Markak' solasaldia hartuko du Astrak bihar
Arrano Kultur Elkarteak eta Gernika Batzordeak bihar emango diote amaiera Gernika sortu zeneko 650. urteurrenaren harira antolatutako berbaldi zikloari. Hiru dira, hain zuzen, joan den ekainaz geroztik herriko elkarte bi horiek antolatutako hitzaldiak, eta laugarrena eta azkena izango da, berriz, biharkoa.
Xabier Irujo Ametzaga historialariak eman zion hasiera hitzaldi zikloari ekainaren 20an, Gernika 1937-2016 Historiaren borrokak berbaldiagaz. Hurrengoa Ingo Niebel Alemaniako historialari eta kazetariak eman zuen abuztuan, Beltzunea Alemaniako memori historikoan izenburupean. Orduan, bonbardaketan alemaniarrek izandako erantzukizunaz aritu zen, besteak beste Niebelek. Azaroan, bestalde, Tomas Urzainki idazleak hartu zuen hitza, Nafarroa Gernikan eta Gernika Nafarroan. Haritzaren sustraien bila hitzaldia eskainiz.
Aurreko saioak “interesgarriak”
Aurreko saioak “oso interesgarriak” izan direla azaldu dute antolatzaileak, eta bertan herritarrek izandako erantzunagaz “oso pozik” agertu dira; batez bestez, saio bakoitzeko 50 bat lagun bertaratu izan direla zehaztu dute.
Biharkoa solasaldia izango da, eta berezia izango da, gernikarrek hartuko baitute protagonismoa; hala, bertoko historia urrunetik barik, hurbilagotik emango dute ezagutzera Arrano Kultur Elkarteak eta Gernika Batzordeak-ek. Gernikako Skuten Markak izenburupean, iraganean kanpamentuetara joaten zen gazteen taldeari buruz ariko dira, eta, horretarako, talde horretan parte hartzen zutenak izango dira solasaldian. “Gernikako gazte askok parte hartzen zuten kanpaleku horietan, eta horrek gazte zein horien gurasoengan eragin handia izan zuen, eta baita Gernikako dinamikan ere”. Hala, bizipen horiek Gernika nola markatu zuten azaltzeko batuko dira bihar 19:30ean, Astran.